Idoia Ilundainen gradu amaierako lanak eraman du EHUko Mikel Laboa Katedra eta Mintzola Ahozko Lantegiaren Saria

Ahoz gorako irakurketak sozializazio esperientzia bihur daitezkeela aztertu du Ilundainek.

Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa haur hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializatzeko esperientzia izenburupean Idoia Ilundainek garatutako lanak eskuratu du EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak banatutako 1.GRAL saria, gradu amaierako lanentzako saria, alegia. Atzo eman zuen sarituaren berri Laboa Katedrako Jone Miren Hernandezek, Mintzolak ahozko kultur sorkuntzen inguruko ikerketak ezagutzeko antolatutako hitzorduan, Amasa-Villabonako Subijana etxean.

Bi kezka nagusi izan ditu lanak abiapuntu: “Batetik, ahoz kontatzeko ohitura gero eta gutxiago praktikatzen den jarduera dela, eta soinuan hitzen esanahiaren zati garrantzitsu bat dagoela ahazten ari garela. Bestetik, entzutearen eta isiltasunaren garrantzia ahazten ari garela”.

Aurrez horrenbeste landu gabeko helduleku batetik ekin zion lanari: “Kontaketa eta irakurketaren arteko leihari aurre egin, eta zubi bat eraikitzen saiatzea zen helburua. Ahoz gorako irakurketa deskodetze soiletik urrundu, eta ahotsaren bitartez irakurritako horri bizia eman ahal zitzaiola”; eta, aldi berean, horiek sozializazio esperientzia bihurtzen direla, esandakoaren eta isiltasunaren arteko oreka topatuz gero.

Sei ikertzaileren lanak eta bi argitalpen

Kepa Matxain, Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Deustuko Unibertsitateko Elixabete Perez eta EHUko Antxoka Agirre eta Eñaut Agirre aritu ziren beren lanak aurkezten.

Tartean,  Ane Labakak eta Xabier Aierdik bi argitalpenen berri eman zuten: lehenak Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen lana aurkeztu zuen, UEUk argitaratutakoa; eta bigarrenak Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa oinarri duen Kultura ez da bat-batekoa liburua, EHUk argitaratua. Biak Durangoko Azokan eskuratu ahal izango dira.

(Bideoa: Mintzola)

Zabaldu: