‘Euskararen periferiatik’ musika urbanoa lantzen duen proiektuak irabazi du Azokako II. Sormen Beka

Iratxe Aguilera gasteiztarrak irabazi du Durangoko Azokako bigarren Sormen Beka. Urtebete izango du bere proiektua garatzeko: “Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan”.

Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren iragarpenarekin hasi da kulturaren plazaren bigarren eguna. Epaimahaiak jakinarazi duenez, Iratxe Aguilera 23 urteko gasteizarrak irabazi du 15.000 euroko beka, Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan izeneko proiektuarekin. Aguileraren helburua euskara eta musika urbanoa batzea izango da, proiektu berritzaile batekin.

Gasteiztarraren arabera, “Euskal Herrian genero urbanoaren hutsune handi bat dago eta garrantzitsua da periferiako nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora”. Nerabe eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea izango da Aguilerak gidatzen duen proiektuaren helburu nagusietako bat: “Gaur egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultur adierazpide berrietan euskarak ere presente egon behar du”.

Izan ere, musikariak dancehall, reggeatoia, trap eta bestelako generoak lantzen ditu. Aguileragaz batera, proiektuan jatorri mexikarra duen Chickjuarez sortzaileak parte hartuko du. Eskarmentu handiko musikaria da, jazz, gospel eta musika afroamerikar modernoan aritutakoa baita.

Azokako Sormen Bekaren epaimahaia honakoek osatu dute: Maite Arroitajauregi Mursego, Joxan Goikoetxea, Iñaki Jaio, Julen Idigoras eta Aitor Etxebarria. Nabarmendu dutenez, “edukietan konpromiso soziala erakutsi dute, besteak beste, bazterkeria sexistaren inguruan”.

Epaimahaiak Aguileraren gogoa eta ilusioa azpimarratu dute: “Seriotasuna eta ilusioa nabari dira proiektuaren proposamenean. Ideia argiak eta zabalkunderako gogoa. Proiektuak hain hedatuta dagoen musika urbanoa hurbildu nahi du Euskal Herrira, emakumeen protagonismoa azpimarratuz. Genero horri atxiki zaizkion esteriotipoei aurre egin nahi diote, eta, aldi berean, euskaraz izanik, hizkuntza bera sustatuko dute nerabe eta gazteen artean”.

Aguilerak urtebeteko epea izango du bere proiektua garatzeko, eta 2020. urteko Azokan, 55. edizioan hain zuzen ere, aurkeztu beharko du.

Zabaldu: