Gerediaga elkartea pozik agertu da Durangoko Azokako 54. edizioak eman duenarekin

“Lau egunez Azoka osatzen dugun guztion artean ekosistema berezi honi bizia eman diogulako”.

Durangoko Azokako 54. edizioa amaituta balantzea egiteko garaia heldu zaie Gerediaga Elkartekoei. Hala, eure ustez, “emankorra, orekatua, oso jendetsua, anitza eta baikorra” izan da. Lau egunez, “kulturaren plazako ekosistemak bizia hartu du Landako Gunean, Azokako gainontzeko espazioetan eta Durangoko kaleetan ere: 54. edizioa osorik izan DA!”.

Gerediaga elkartea eta Azokako guneetako antolakuntza, beraz, pozik agertu dira 54. edizioak eman duenarekin. “Azoka aurretik esaten genuen Durangoko Azoka oso ekosistema berezia dela. Eta egunotan argi geratu da hori horrela dela. Askok osatzen dugu Durangoko Azoka, eta lau egunez, denon artean, bizia eman diogu”.

Aurtengo edizioa gora-beherarik gabe igaro dela azpimarratu du antolakuntzak. Giro ona izan da nagusi Azokako espazioetan eta Azokatik kanpo ere, eguraldia lagun. Bisitari kopuruari dagokionez ere, 54. edizioa oso jendetsua izan da, eta egun guztien artean orekatua. Abenduaren 6a eta 7a izan dira egunik jendetsuenak (abenduaren 8ko datuen faltan). Abenduaren 5eko goiza, Ikasle Goiza hain zuzen ere, oso jendetsua izan zen, Euskal Herri osotik etorri ziren milaka eta milaka ikasle, horrek duen garrantziarekin euskal kulturaren transmisioarentzat. Abenduaren 5eko arratsaldea izan da lasaiena, jende kopuru aldetik.

Datu zehatzei dagokionez, abenduaren 8ko arratsaldearen faltan, Durangoko Azokak 110.000 bisitari jaso ditu. Honen arabera, abenduaren 6a izan da egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin.

Datu horiek Landako Guneari erreferentzia egiten diote, baina Durangoko Azoka ez da bakarrik pabiloira mugatzen. Lau egunez Durangoko Azokako gune guztiak egon dira jendez lepo, eta baita Durangoko kale eta tabernak ere. Horren adibide da, esate baterako.

Azokako guneen balorazioa

 Durangoko Azokako zazpi guneek ere 54. edizioa oso modu positiboan baloratu dute. Szenatokian aipatu dutenez, gunea “mikrotik makrora” igaro da eta Antzerki eta Dantza Laburren Jaialdia oso arrakastatsutzat jo dute, batik bat larunbateko eguna (mila ikusle izan zituzten). Ostiralean ere, Kukai Dantza Taldearen Erritu ikuskizunarentzat sarrerak agortu ziren.

Irudieneako arduradunak ere oso pozik agertu dira azken lau egunetako joan-etorriarekin: “Lortu dugu Azokako bisitarien agendan ikus-entzunezkoek leku bat izatea”. 1800 ikusle baino gehiago izan dituzte, eta Zugaza zinemetan izan duten “familia giroa, irrika eta emozioz vetea” nabarmendu dute. Apaiz kartzela dokumentalaren proiekzioa izan da ekitaldirik jendetsuena, baina emanaldi askotan egon da aretoa beteta.

Saguganbarari dagokionez, “azken urteetako anitzena” izan dela azpimarratu dute arduradunek, “bai pasatu diren artistei, kultur disziplina ezberdinei edo bisitariei dagokienez”. Ibilbide luzeko idazleak egon dira, hasi berriak; esperimentatzen ari direnak, gazteak, nagusiak, marrazkilariak, zientzialariak… Bisitari kopuruari dagokionez, oso jendetsua izan da parte-hartzea Saguganbaran, egun guztietan salbuespenik gabe.

Kabi@n aurkeztu diren “proiektu eta eztabaiden ausardia” nabarmendu dute bertako arduradunek: “Etorkizunaren nostalgia izateko arrazoiak badaude”. Gamer Egunean gazte ugari batu ziren egun osoan zehar, eta larunbat arratsaldean AtopiaRPG rol-jokora nola jolasten den ikasi ahal izan genuen.

Ahotsenean, azken urteetan bezalaxe, oso giro ona egon da zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Musikari eta idazle ezagunek sortu dute ikusminik handiena, baina nabarmentzekoa da zenbat talde berrik hartu duten parte Ahotsenean euren lehengo diskoa aurkezteko, eta gauza bera euren ibilbidea hasi berri duten idazle eta sortzaileekin.

Plateruenan ere giro aparta eta jende ugari izan da kaleko eskaintzaz gozatzen. ETS En Tol Sarmientoko sarrerak, esaterako, agortu ziren.

Areto Nagusiaren kasuan, eragile eta erakunde ugarik euren proiektu eta asmoen aurkezpenak egin dituzte, baina azpimarratzekoa da, gero eta gehiago, “formatu ezberdineko aurkezpenak” egin direla, sortzailegoak eta ez-ohiko baliabideekin. Horrez gain, ekitaldirik bereziena “Throwing voices” ikuskizuna izan da, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa musikatua. Halaber, Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpenak ere ikusmin handia sortu zuen.

Gogoetaren Plazaren kasuan, hausnarketa mamitsuak eta eztabaida interesgarriak sortu dira, euskal kultura eta euskararekin lotutako hainbat gairen inguruan. Eztabaidarik jendetsuena eta interes gehien piztu zuena atzo arratsaldekoa izan zen, “euskara integrazio hizkuntza” hizpide zuena. Edozelan ere, azokazaleen joan-etorria gorabeheratsua izan da, saioaren arabera.

Musika Eskola Azokako espazio modura erabili da lehenengo aldiz, eta espazio horren balorazio ona egiten du antolakuntzak. Azokak Durangora zabaltzeko asmoz jarraitzen du, espazio gehiagotara helduz, eta Musika Eskola Azokako espazio berri modura finkatzeko asmoari eutsiko dio kulturaren plaza. Musika Eskola Azokako ekosistemaren osagaia bihurtuko da, beraz.

Balorazioa ona ere da DA PRO egitasmoaren kasuan. Ekimen hau ere Musika Eskolan antolatu da, eta 17 taldek parte hartu dute. Partehartzaileek ere modu positiboan baloratu dute ekimena, hainbat negozio-aukera sortu direlako jada, hainbat kontratazio adibidez, eta Azokak, beraz, egitasmo honetan sakontzeko eta urrats berriak emoteko asmoa berresten du.

Zabaldu: