Zinegoak 2020 sexu-aniztasuna, zinema eta kultura, bazter guztiak bustitzen dituen zirimiria izango da

Bilboko LGBTI zinema eta arte eszenikoen jaialdia 2020ko otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean izango da, eta FIK, DOK eta KRAK atalak izango ditu berriro programazio ofizialean.

Martxoan eta apirilean zehar herri ezberdinetan antolatuko den jaialdiaren hedapenak gora egin duela diote antolatzaileek eta hurrengo edizioan jaialdiaren obrak 50 udalerritan proiektatuko direla nabarmendu dute. Hala, “euskal geografia osoan hedapenik handiena duen jarduera zinematografikoetako bat izango da”.

Zinegoak elkarteak hilabeteak daramatza Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 17. edizioa antolatzen. “Ezinbesteko hitzordua izango da sexu-, identitate- eta genero-aniztasunari lotutako kultur- jardueraz gozatzeko”.

Gainera, edizio honek jauzi kuantitatiboa ekarriko du Bizkaiko hiriburutik haratago duen presentziari dagokionez. “Badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoela, eta gainera urtetik urtera harrera handiagoa da, baina obrak ahalik eta herri gehienetara iristea nahi genuen, eta, horregatik, hedapenaren lana indartzea erabaki dugu”, adierazi du Pau Guillenek, jaialdiaren zuzendariak.

Aurten martxoa eta apirila bitartean egingo den hedapenak proiekzio eta jarduera ugari izango ditu. Bilbon ikusiko diren lan gehienak herrietan ere ikusi ahal izango dira: gainera, “kontuan hartu behar dugu normalean, herri txikietan ez dagoela aukerarik horrelako pelikulak ikusteko”.

Zinegoak jaialdiari hasiera emateko bi hilabete falta dira, eta lantaldea 17. edizioko programazioa prestatzen dabil. Aurten 500 bat obra jaso dira film labur, fikziozko film luze eta dokumentalen eta proposamen eszenikoen artean, eta nabarmentzekoa da trans errealitateak jorratzen dituzten obra ugari.

Aurreko edizioan bestalde, programazioa ofizialaren egitura berriak harrera ona izan zuen FIK, DOK eta KRAK atalekin. Programazio ofizialaren egitura berriak izan zuen funtzionamendu onaren ondoren, jaialdiak bere ohiko proiekzio-dinamikari eutsiko dio.

Lehen astean, fikzioa izango du ardatz, Bilborocken, Golem zinemetan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Cinema aretoan; eta bigarren astean, berriz, dokumentalek hartuko dute protagonismoa, jarduerak Bilborocken antolatuko dira, eta hainbat jarduera osagarri antolatuko dira.

Bi aste ofizial horiek baino lehen 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdia hasiko da. Ekimen hau beste erakunde, kolektibo edo elkarte batzuekin lankidetzan egiten dira. Horrez gain, beste urte batez, ZG jarduera profesionalak ere antolatuko dira, ikus-entzunezko hainbat zentrorekin batera, ikus-entzunezko sorkuntzaren eta ekoizpenaren esparruen ikuspegi zehatza eskaintzeko.

Urtarrilaren hasieran, Zinegoak jaialdiak bere irudi ofiziala aurkeztuko du; aurten, sexu aniztasuna modu zabalagoan ulertzeko premian jarriko du arreta, sexu orientazioan bakarrik geratu beharrean.

Zabaldu: