Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo (egungo toponimia ofiziala) izenpean kaleratu du Jose Luis Erdoziak argitalpena.
Jose Luis Erdozia Etxarri Aranazko herrigunetik kanpo ibili da bila, toponimia txikia esaten zaiona zehaztasunez biltzeko xedearekin. Guztira 445 toki-izen ofizial jasotzen ditu Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo (egungo toponimia ofiziala) liburuak: 288 toponimo nagusi eta 157 eratorri. Gainera, izen ofizial bakoitzari honako hauek ere gehitu dizkiete: herrian erabilitako beste aldaera batzuk, izenak oinarri duen dokumentazioa, izenari buruzko iruzkina, informazio osagarria, eta toponimo bakoitzaren GPS-kokapena.
Lehendik ere Etxarri Aranazko 259 toponimo ofizialduak zeuden, Nafarroako Toponimia eta Mapagintza (1993) bilduman. Baina oraingoan, 259 horiek berrikusteaz gain, zerrendari beste 186 izen gehitu zaizkio. Liburu hau egileak egindako lan zabalaren emaitza da; urte luzez egindako landa-lanak eta azterlanak emandako uzta oparoa. Etxarri Aranazko Toponimia Batzordearen laguntzarekin eta Etxarri Aranazko Udalaren bultzadarekin egin dute. “Lan nekeza eta atsegina izan da era berean”, nabarmendu du Erdoziak eta ikerketa lanaren helburuetako bat azpimarratu du: “Lan hau izan dadila baliagarria oraingo belaunaldiek eta geroago etorriko direnek eskura izan dezaten herriko memoriaren zati esanguratsu bat”.
Ondare kultural materiagabearen parte da toponimia, eta hizkuntzen garapena aztertzeko informazio baliagarria ematen du; halaber, bertako historiaren, kulturaren eta gizartearen usadio eta ohituren informazio-iturri ere bada. Beste alde batetik, toponimoaren bidez berehalako informazio administratiboa lor daiteke elementu geografiko baten kokapenari buruz. Eta horretarako erabili ahal izango dira hemendik aurrera, hainbat unitatetan, Etxarri Aranazko toki-izenak.
Euskarabideak, argitaratu du liburua. Horrenbestez, ofizialtzat jo ditu bertan agiri diran izenak. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen oneretxia dauka argitalpenak.