‘Euskararen normalizazioa’ lana argitaratu dute UEUk eta EHUk

Asier Larrinagak burututako lan honek euskararen normalizazioaren historia biltzen du, 1960tik hasi eta gaur egunera arte.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak Asier Larrinaga Euskal Irrati Telebistako Euskara Zerbitzuaren buruaren doktore tesia argitaratu dute.

Euskararen normalizazioa. Ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra izenpean, lan honek euskararen normalizazioaren historia biltzen du, 1960tik hasi eta gaur egunera arte.

“Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko artikuluetan, ohiko baieztapena da Euskal Telebista funtsezkoa dela euskararen normalizaziorako, baina nekez eskaintzen da halako iritzi eta baieztapenei eusteko daturik”. Izan ere, Larrinagaren ustez, oso gutxi ikertu da Euskal Telebistaz, eta egin diren ikerketa apurrek ez dute izan euskara euren arduren erdigunean. Hori baino gehiago; ikerketa-arloa bera berria da. Alegia, “hizkuntza gutxituen sustapenaz interesatu diren ikertzaileek ez dute arretarik ipini hedabideen rolean, eta arreta ipini dutenek ez diete hedabideei oso baliagarri iritzi hizkuntzaren normalizaziorako”, iritzi dio Larrinagak. “Kontraesan nabarmena da, ordea, dagoeneko ibilbide luzea egina izatea hainbat kultur komunitate gutxituk euren hizkuntzak suspertzeko antolaturiko telebistek, hala nola ETBk Euskal Herrian, TV3k Katalunian eta S4Ck Galesen”.

Liburu honetan, Euskal Herriko kasuan ipintzen da arreta. Hedabideen normalizazio-eginkizunari buruzko oinarri teorikoetatik abiatuta, euskara biziberritzeko prozesuaren ikuspegi orokorra eskaintzen da, eta horren barruan Euskal Telebistak orain arte izan dituen betekizunei buruzko datuak biltzen dira, hiru alderdi bereiziz: euskararen corpusa, euskaren estatusa eta euskararen jabekuntza.

Zabaldu: