Juliantxo Irujoren ‘Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak’ erakusketa bihartik aurrera ikusgai Bilbon

Bildumak Bilboko sortzaileak bere azken etapan sortutako artelanen hautaketa bat jasotzen du.

Bihar, hilan 8, irekiko ditu ateak Juliantxo Irujoren (Iruñea, 1960 – Bilbo, 2015) ‘Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak’ izeneko erakusketak, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Bizkaia Aretoan.

Bildumak Bilboko sortzaileak bere azken etapan sortutako artelanen hautaketa bat jasotzen du, 2005 eta 2015 bitartean sortutako obrekin, hain zuzen. Irujo 2015eko uztailean zendu zenetik antolatzen den hirugarren erakusketa da honakoa.

Irujo margolaria eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko Pintura katedraduna izan zen eta Andrea Albalia erakusketaren komisarioaren arabera, “bizi esplorazio-bidaia gisa ulertzen zuen pintura, materiaren aukera sentiberetan zentratutako ikuspegi esperimental eta introspektibo batetik”.

Erakusketan Naturarekin ibiltzea eta “Bizitzaren Omenaldia” serietako margolanak, besteak beste, nabarmentzen dira. “Lehenengoan, naturaren behaketak basoen arteko ibilbideak gogorarazten dituen irudikapen abstraktu eta aldakorrei forma ematen die, koadroetan bide desberdinetatik barrentzea eta aldi bakoitzean zirrara berriak sentitzeko aukera eskainiz. Bigarrenean berriz, sortzaileak bizitzari egiten dio omenaldia paisaia psikologikoak diruditen margolanen mugimendu barroko eta fluktuatzailearen bidez: forma dinamikoez betetako formatu handiko lanak dira. Azken finean, dabilen bizitzaren, humanizatzen gaituen ukimenaren eta bizirauten gaituzten ametsen omenaldia dugu”, azaldu du Albaliak

Erakusketa urtarrilaren 8tik 23ra bitartean egongo da ikusgai, astegunetan, 8:00etatik 20:00etara.

Zabaldu: