Zinegoak Jaialdiak ‘Express… Your sex!’ ikus-entzunezko rallya antolatu du, Bilbon

Maratoia otsailaren 14tik 17ra izango da, jaialdia hasi baino egun batzuk lehenago. Parte hartzaileek 72 ordu izango dituzte sakelako telefonoarekin film laburrak grabatzeko.

Zinegoak jaialdiak Express… Your sex! ikus-entzunezko rallyaren lehenengo edizioa antolatu du. Lehiaketa jaialdiaren bezperako egunetan egingo dute, otsailaren 14tik 17ra, eta sexu, identitate eta genero–aniztasunarekin lotura izango du.

Parte hartuko duten taldeek 72 ordu izango dituzte film labur bat sortzeko. Antolatzaileek otsailaren 14an jakinaraziko dute gaia. Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek argitu duenez, jarduera honen helburua sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko sormena bultzatzea da: “Zine edo ikus-entzunezko munduan lan egiten dutenen artean sentsibilizazioa sustatu nahi dugu”.

Express… Your sex! lehiaketa honen ezaugarri berezienetako bat honakoa da: parte hartzeko ezinbestekoa izango da film laburrak sakelako telefonoarekin grabatzea. Hala, ez da beharrezkoa izango material profesionala izatea parte hartzeko: “Ez genuen nahi maratoi honetan material falta traba bat izatea parte hartzeko. Interesa duten guztien parte hartzea bultzatu nahi dugu, gazteena batez ere. Gidoian jarri nahi dugu arreta, istorioa kontatzeko erabili diren baliabideetan baino”. Film laburrek gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute.

Interesa dutenek otsailaren 14an bertan eman beharko dute izena arratsaldeko 18:30ean, Bizkaia Aretoko Oteiza Auditorioan.. Parte hartzen duten pertsonek sexu-aniztasunari buruzko hitzaldi laburra jasoko dute, eta lehiaketaren gai zehatza zein den ezagutuko dute.

Parte-hartzaileek asteburu osoa izango dute euren film laburra grabatzeko. Epea otsailaren 17an amaituko da, eta lanak 18:30 eta 19:30 artean aurkeztu beharko dira Bizkaia Aretoan bertan. Rallyak lau sari izango ditu: lehenengo saria (300 euro), bigarren saria (200 euro), hirugarren saria (100 euro) eta publikoaren saria (100 euro).

Sari-banaketa otsailaren 20an izango da, osteguna, 19:00etan Bilborocken. Bertan aurkeztutako hainbat lan proiektatuko dira eta publikoaren saria erabakiko da. Asier Santamariak gidatuko du ekitaldia, eta 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaren baitan kokatzen da.

Oinarriak hemen.

Zabaldu: