Buhameak taldeak ‘Erik eta Win’ ikuskizuna estreinatuko du gaur, Donostian

Gizon eredu berriak sortzea premiazkoa dela islatzen dute taula gainean Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek lagunduta. Estreinaldia gaur izango da Donostiako Lugaritz kultur etxean, 20:00etan.

2013an Andoainen estreinatutako Ez gara Palestinaz ari ikuskizunak erakutsi zien bidea Buhameak taldeko kideei. Esperientzia aberasgarria izan zela diote partaide guztiek. Publikoaren harrera ezin hobea izan zen eta aurretik eraikitako espektatiba guztiak berehala gainditu zituzten, hala ere, esperientzia berezia eta zenbait unetan zaila ere izan zela aitortu dute, protagonistek bere baitako errealitatea biluzten zutelako.

Taldeak argitu duenez, Erik eta Win ikuskizuna ez da lehengoaren jarraipen bat, nahiz eta aurrekoarekin koherentea ere baden. Kasu honetan ere, protagonisten baitako egiak eta esperientziak kontatzen dituzte. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek, haien arteko harremanaren eboluzioa ardatz hartuta, harreman intimoen barrukietan begiratzen dute. Nola erakarri ziren, nola nabigatu duten botere harremanetan, nola elkar lagundu duten, nola konpetitu duten, zein nolako harremanak izan dituzten emakumeekin eta nondik nora hurbildu zatzaizkien, nola ezkutatu eta agertu dituzten zenbait desio eta behar emozional…

Hain agerian ez dauden gakoak aztertzen dituzte, izan jendartearen aurrean erakusten dutena, izan izatearen txokorik sakonenean ezkutatzen dutena, onartuak ez izatearen beldur edo maitatuak direla senti dezaten. Gaur egun gizon izateak mantentzen dituen estereotipoen gainean hausnartzen dute, eta orokorrean sumatu litekeen nora-eza ere bistaratzen dute. Gizon eredu berriak sortzea premiazko eginkizuna dela islatzen dute, eta horretarako “erantzun zuzenik ematen ez bada ere, etorkizunera begiratzen duten urratsak xuxurlatzen dira”.

Asier Sota antzezle eta zuzendariak gidatutako obra hau lau kidek osatzen dute: Ander Lizarralde eta Unai Muñoa gidoiaren egileak dira eta emanaldiko ahotsa, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek lagunduta, lehenak piano eta eskusoinuarekin eta bigarrenak gitarrarekin. Aipatu dutenez,  doinu berriak plazaratuko dituzte, bai eta zenbait kantu proposamen ezberdin ere. Hainbat diziplina artistiko ezberdin lantzen dira ikuskizun honetan. Hala nola, bertsoa, antzerkia, poesia, musika… Erabiltzen duten tresna garrantzitsuenetako bat umorea da, “horretan oinarritzen baita, batik bat, antzerkiari dagokion tartea”. Bestalde, poesia eta bertsoen bitartez, hainbat eszena sakon ere taularatuko dituzte.

Helarazi nahi duten mezu ideologikoa ere azpimarratu nahi izan dute, “protagonisten biluztea ez dagokio exhibizionismo beharrari, norbere esperientzia bestearen ispilu bilakatzeari baizik”. Hau da, Ander eta Unaik erakusten duten intimitatearen atzean, bidean ikasitako gakoen aitortza aurkitu genezake, eta harreman intimoetan ditugun zenbait blokeo eta zailtasun ere bai. Modu horretan, hain unibertsala den gai bat aztertzen dute, harreman intimoak, esperientzia baten bizipenak azalduz, beti ere, ikus-entzuleek euren barruetara eta euren harremanetara begiratu dezaten. “Erik eta Win ikuskizunak kontatzen duena adibide bat baino ez da, esperientzia kontziente baten adibidea, norberak bere esperientzietan kokatu dezan, eta hariari tiraka hausnarketa bat egiteko balio diezaion”.

Erik eta Win gaur estreinatuko dute Donostiako Lugaritz kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan.

Zabaldu: