‘Hamaika desira!’ lelopean dator aurtengo Loraldia Festibala

Hogei egunetan zehar, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak aurkeztuko dira Bilboko hamabost gunetan.

Loraldia Festibalaren seigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Bilboko Rekalde aretoan. Martxoaren 10a eta 29a bitartean egingo da jaialdia, Bilbon eta euskal kulturako hainbat erreferente izango ditu gogoan. Iparragirre da horietako bat. Aurten, 200 urte beteko dira Urretxuko bardoa jaio zenetik. “Iparragirre bizizale amorratua izan zen, baina guk haren bizitzan ibili ziren emakumeen begietatik ikusiko dugu; Joseba Sarrionandia; Agustin Xaho; edo Fermin Muguruza, besteak beste”, azaldu dute antolatzaileek.

Horretaz gain, Nazioarteko hainbat pertsona ere gogora ekarri nahi dutela iragarri dute, “gure begiradaz berrinterpretatuko ditugu, izan ere, Bob Dylan euskara unibertsora ekarri dugu eta Lisboako fadoak ere plaza izango du. Fernando Pessoak Sarrionandia gonbidatuko du ardo berdea edatera Casa do Fadon. Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik, ez denboran, ez espazioan ere”.

Hamaika desira! lemapean dator aurtengo Loraldia. Izan ere, diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak izango dira. “Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza presente izango dira eta baita rol joko bat ere”.

Sei urte dira Loraldia jaialdia martxan jarri zuteneik Bilbon, ordutik hona asko izan dira festibalerako propio sortutako ikuskizunak, bertan parte hartu duten sortzaileak, estreinaldiak… Sormenari bultzada ematea du helburu egitasmoak, euskal kultura garaikidea Euskal Herritik mundura zabaltzea eta ikusgarri egitea.

Egitarau osoa ikusteko hemen.

Zabaldu: