Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz izeneko erakusketa Tana Garridok eta Alina Aguilak egindako egoitza artistikoaren fruitua da. Apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilboko Alhondegian.
Bilboko Alhondegian paratu duten Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz erakusketa Habanako Carlos Garaicoa estudioko ‘Artista x Artista’ programaren laguntzari esker garatu dute Tana Garridok eta Alina Aguilak.
Aguila jostailuen eta haien ezaugarri psikologikoen munduan oinarritu da bere obra sortzeko. Artista kubatarrak azaldu duenez, “hedadura bat sortzea interesatzen zait, gauzen konnotazio hutsa idealizazio magiko batera mugiarazten duen beste mutur bat. Jostailuak industrializatzean, akaberan eta materialen erabileran fintzera iritsi dira, eta mugarik gabe erreproduzitu dira. Nire kasuan, pertsonalizazioari eta irudimenezko jolasei buelta bat ematea dago. Manipulazio material bat erreskatatu nahi dut, barru-barrukoa; bizkortze gisa pentsatzea gustatzen zait, ideia sinple eta, aldi berean, transzendentalen jolas gisa”.
Aguilaren lana Garridoren proposamenarekin dago harremanetan. Bigarrenak Kubako etxeko espazio garaikidearen ikus-entzunezko behatokia erakutsi nahi izan du, instalazio-formatuan. Garridok euskal sorburuko emakume kubatarren lekukotasuna jaso du, generoaz, lurraldeaz eta memoriaz hausnartzeko.
Pieza horretan eguneroko espazioa ziurtasun gisa hartzen da, lurraldearen ideia abstraktuaren aurrean. Etxeak familiaren kontakizuna babesten du, denborak higatzen duena, eta hormak gainditzen dituenean soilik hasten da memoria kolektiboan bizitzen.
Garridok berak azaldu duenez, “Prozesuak etapa ezberdinak izan ditu: lehena, ikerkuntzakoa, Euskal Herrian; bigarrena, Habanan, ingurunearekin harremana hartuz eta emakume horiekin guztiekin harremanak ezarriz; eta hirugarrena, aurreko guztia bideoan eta audioan jasotzea eta gauzatzea izan da. Azkenik, material horiek guztiek bat egiten dute antitesi formal bat sortzeko, identitate espezifiko edota komun batzuen eraikuntzara hurbiltzeko: emakumeena eta haien historiarena”.
Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz erakusketa apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilboko Alhondegian.