Euskal zinea munduan zabaltzeko beste pausu bat

Akordioak euskara eta euskal kultura, bereziki euskal zinema, atzerrian dauden Cervantes zentroen bidez zabaltzea du xede.

Cervantes institutuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Akordioak euskara eta euskal kultura, bereziki euskal zinema, atzerrian dauden Cervantes zentroen bidez zabaltzea du xede.

Hitzarmena Jarduteko Protokolo Orokorrak hiru aldeen arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu, ekimen posibleak elkarrekin garatzeko, “bereziki hizkuntza eta kultura ezagutzea, sustatzea eta zabaltzea helburu dutenak, bai euskaraz bai gaztelaniaz”.

Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan egindako sinadura-ekitaldian, Irene Larraza Etxepareko zuzendariak adierazi du Cervantes Institutuarekin partekatutako proiektu honetan ilusioz sartu direla, “80 hiritan baino gehiagotan dauden zentroen sarea, zalantzarik gabe, euskal zinemarentzat plataforma aparta baita”, eta horrekin “nazioarteko audientzia berriak” lortu ahal izango baititu.

“Artxibo filmiko gisa egiten dugun lana iragana eta etorkizuna da, oroimena eta artea, baina transmisio plataformak ere behar ditu, gaur aurkeztu duguna bezalakoak”, adierazi du halaber Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko arduradunak.

Etxepare Institutua eta Cervantes Institutua lehenagotik elkarlanean ari ziren euskal zinema eta kultura zabaltzeko, 2011n sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker. Hemendik aurrera, Filmategia ere batzen da, partaide bat gehiago. “Nire prestakuntzan bidelagun izan ditudan Gabriel Aresti edo Blas de Otero bezalako poeta handiek lotzen naute euskal kulturarekin. Hizkuntza eta kultura honen aberastasuna guztion ondare demokratikoaren indargune bat gehiago izango da”, esan du Garcia Montero Cervantes Institutuko zuzendariak.

Zabaldu: