23 film lehiatuko dira Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialean

15 herrialdetako 23 filmek osatzen dute jaialdiaren 14. edizioko sail ofiziala. Ikuspuntu martxoaren 2tik 7ra bitartean izango da, Iruñean, eta lehiatuko diren film horietatik 5 luzeak dira eta 18 laburrak, jasotako mila inskripzioa baino gehiagoren artean aukeratuak.

Martxoaren 2tik 7ra Iruñean egingo den Ikuspuntu jaialdiaren egitarau osoa aurkeztu dute. Hala, zazpi atal nagusitan banatu dute martxoaren 2tik 7ra izango den festibalaren programazioa:

Sail Ofiziala. Honetan 23 film lehiatuko dira, bost luze eta hemezortzi labur. Mundu osotik aurkeztutako mila lan baino gehiagoren artetik aukeratu dituzte pelikula hauek.

Atzera Begiradak. Anne Charlotte Robertsonen monografiko bat jasoko du sail honek eta baita Ute Aurand, Helga Fanderl, Renate Sami zinemagile alemaniarrei eta Jeannette Muñoz zinemagile txiletarrari eskainitako ziklo bat ere.

DOKBIZIA. Hainbat diziplinatako artistak elkartuko dira, errealitatearekin dituzten harremanak elkarren artean trukatzeko.

Ikuspuntu Labs topaketak. Jakintza eta sormen kolektiboa trukatzeko espazioa izango da.

Foku Garaikideak. nazioarteko zinemagile esanguratsuetako batzuei begiratzeko Ikuspuntuk eskainitako saio monografikoak dira.

Saio bereziak. Hainbat programa eskaintzen ditu, hala nola X Films, Paisaia (Euskal Herriko zinemagileen topaketa) edota Barbara Hammer-i egindako omenaldia.

Hezkuntza programa. Jaialdia publiko berriei zabaltzeko.

Aurten X Films atala nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. “Proiektu horrek hamar urte bete ditu eta aukera ematen dio jaialdiari erakusle izatearen rol tradizionaletik ikus-entzunezko obra baten ekoizle izatera igarotzeko”. Egitasmoak sorrerako helburuak mantentzen ditu gaur egun ere: aukeratutako obren sormen kalitatea eta Nafarroak horietan duen paper garrantzitsua. Maddi Barber zinemagilea aukeratu zuten iaz bere proposamen artistikoa garatzeko, Gorria filma, eta jaialdian estreinatuko da.

Nafarroako ikus-entzunezkoen ordezkaritzaren ildoan, nabarmendu den beste atal bat Paisaia da. Honetan Hego euskal Herriko dokumentalen ekoizpeneko film berrienak eta ausartenak aurkeztuko dira.

Sail ofizialari dagokionez, zinema garaikidearen izen handiak ageri dira, hala nola Lawrence Abu Hamdan, Ben Rivers, Éric Baudelaire, Lynne Sachs, Ana Vaz eta Laura Huertas Millán. Nabarmentzekoak dira urtarrilean Rotterdam eta Sundance jaialdietan eta otsailean Berlinekoan mundu osorako estreinatu diren filmak, zeinek Ikuspuntu jaialdia aukeratu baitute nazioarteko lehen emanaldiekin jarraitzeko; horien artean ditugu, Melissa Liebenthal-en Aquí y allá, Ana Vaz-en Apiyemekî? eta Sky Hopinka-ren malnhi – towars the ocean, towars the shore. Horrez gain, sail ofizialean, mundu mailako hiru estreinaldi izango dira: Gerard Ortín Castellví-ren Reserve; Luis Arnías-en Malembe eta Alexandra Cuesta-ren Notas, Encantaciones: Parte I.

Jaialdiko proiekzio eta jarduera guztietarako sarrerak salgai daude jada webgunean eta Baluarteko txartel leihatilan. Horrez gain, jaialdiak iraun bitartean, aparteko leihatila bat jarriko da Baluarteko atondoan. Sarreren prezioa 3 eurokoa da, Planetarioko saioak (5 euro) eta Civivox Condestablekoak (doan) izan ezik.

Egitarau osoa hemen.

Zabaldu: