Loraldia Kultur Elkarteak jaialdiaren 6. edizioa bertan behera uztea erabaki du

“Egun sortu den egoerari eutsi ezinean gaude eta, martxan jarri diren babes- eta segurtasun- neurriak aplikatu ahal izateko ezin dugu kalitate hau bermatu bai sortzaile, egoitza zein ikusleentzako”. Antolakuntzak sortzaile, babesle eta egoitzekin sortutako hainbat ekimen “beste uneren batean” plazaratzen saiatuko dela iragarri du.

“Gaur egun gure gizartean sortu den egoera aztertuta eta COVID-19 delakoak erakarri dizkigun eraginak behartuta, erantzukizunez jokatzea” erabaki du Bilboko Loraldia Kultur Elkarteak.

Agintariek hartutako neurriak kontuan hartuta eta areto, egoitza eta artistek hartutako erabakiak eraginda, jaialdiaren seigarren edizioa bertan behera uztea erabaki behar izan du Loraldia Kultur Elkarteak.

“Loraldia Elkarteak urtez-urte ahalegin handia egiten du kalitatezko festibala antolatzeko. Egun sortu den egoerari eutsi ezinean gaude eta, martxan jarri diren babes- eta segurtasun- neurriak aplikatu ahal izateko ezin dugu kalitate hau bermatu bai sortzaile, egoitza zein ikusleentzako”, azaldu dute.

Hala ere, Loraldiak euskal kulturarekiko eta sormenarekiko duen atxikimenduarekin eta kultura loratzen jarraituko dutela iragarri dute. Hala, “sortzaile, babesle eta egoitzekin ereindako programazioaren haziak ez dira galduko eta urtean zehar beste uneren batean plazaratzen saiatuko gara”.

Pasa den asteartean eman zioten hasiera Bilboko Loraldia festibalari eta bi ekitaldi besterik ez ditu eman ahal izan.

Zabaldu: