EAEko Irakurketa Publikoko sareko liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.
EAEko liburutegi publikoen itxieren ondorioz, azken egunetan, eLiburutegiko maileguen gorakada nabarmena izan da. Irakurketa Publikoko Sareak eskaintzen dituen zerbitzu digitalak aukera ona dira askorentzat. eLiburutegiaren bidez, liburu digitalak mailegatu daitezke edo sarearen bidez filmak eta dokumentalak ere ikusi daitezke.
Gorakada hori ikusita, liburutegi digital horretarako sarbidea errazteko neurriak hartzea erabaki du Jaurlaritzak. Hala, eliburutegia.euskadi.eus helbidera sartuta, EAEko Irakurketa Publikoko sareko liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.
Liburutegi digitalean sartzeko, EAEko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide izatea besterik ez da behar, eta nahikoa da liburutegiko gainerako zerbitzuetara sartzeko erabiltzen diren ohiko datuak sartzearekin (bazkide-zenbakia eta pasahitza, hau da, erabiltzaileek bazkide egitean jasotzen dituzten datuak). Hala ere, pertsona askok pasahitza ez dutela jakinda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu du aldi baterako, herritar guztiei eLiburutegian sartzea errazteko. Horrela, eLiburutegira sartzeko gakoa ez duten Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileek helbide horretan eskatu ahal izango dute. Era berean, bazkide ez direnek bazkide egiteko aukera izango dute, liburutegiko txartela eta eLiburutegian sartzeko pasahitza eskuratuz.
Helbide elektroniko horrek, baina, aldi baterako eskainiko du aukera hori, egoera normalizatu arte. Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegietan bertan egin beharko du, orain arte bezala.
Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen EAEko Irakurketa Publikoko Sarea, liburutegi publiko guztiak bildu eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko asmoz. Sareak 1.036.217 erabiltzaile ditu, eta funtsen artean 1.200.000 titulu inguru daude.
Bestalde, eLiburutegia Estatu espainoleko liburutegi digitalik handiena da, eta formatu ezberdinetan 20.000 liburu digital inguru eskaintzen ditu. 2014ko azaroan jarri zen martxan, eta urtez urte hazten jarraitzen du. 2019an 68.981 mailegu egin ziren eta une honetan 43.000 erabiltzaile ditu.
Herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera du eLiburutegian. Gailu elektronikoetan eduki digitalak nola deskargatu ere azaltzen da liburutegi digitalaren webgunean.