HaziGazia fanzinearen 10. zenbakia ere sarean jarri dute eskuragai.
Hendaiako garapen artistikoetarako gunean programatuta zeuden ekintza guztiak bertan behera geratu dira koronabirusaren krisiak eragindako egoeragatik. Gauzak horrela, Borderline Fabrikako kideek atseden hartzeko eta birpentsatzeko denbora hartzea erabaki dute. “Zuei bidaltzeko zera interesgarri edo dibertigarriak irudikatzen ari gara, zuekin partekatzen segitzeko asmoz”.
Hala, L’Alakran konpainiarekin egindako formakuntzari jarraiki, Deriben Klub-aren lehenengo hitzordua egitekoa zen asteburu honetan, baina “Deriba etxetiar” bat bilakatuko dela iragarri dute.
Deriba norberak bere buruarekin binaka egingo duen bidaia bat da, “zeure gordelekua berriz deskubritzeko eta asmatzeari ekiteko”, azaldu dute ekintza honen bultzatzaileek. Parte hartu nahi dutenek honako helbide honetara idatzi beharko dute: contact@borderlinefabrika.eus eta antolatzaileek parte hartzeko azalpenak bidaliko dizkiete.
Horretaz gain, Borderline Fabrikakoek irakurketa bat ere proposatu nahi izan dute, “HaziGazia fanzinearen 10. zenbakia sarean zintzilikatu dugu, irudian klikatuz deskubritu dezakezu. Bakarka, leihoaren alboan, belarrian xuxurlatua, edo telefonoz lagun bati… nahi bezala partekatu dezakezu”. Argitalpena joan den martxoaren 5ean aurkeztu zuten Enbata gaztetxean.
Hendaiako arte eszenikoetako eragile ezberdinek bultzatutako garapen artistikoetarako gunea da Borderline Fabrika. Hendaiako tren geltokiko kafetegi zaharrean kokatuta.