Euskal Herriko kulturgintzaren egoera larria salatzeko, greba digitalerako deia egin dute apirilaren 21 eta 22rako

Deialdiak gogoeta eta eztabaida soziala piztea, erakunde publikoei premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea eta euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dutenentzat elkargunea antolatzea ditu helburu.

“Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik, kultur gunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?”. Planto eginez, kulturgintzarik gabeko eszena irudikatu nahi dute Euskal Herriko 300 sortzaile baino gehiagok, datorren apirilaren 21 eta 22rako. Izan ere, koronabirusak eragindako krisialdiak Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian utzi du.

“Pandemiaren eraginez ezarri den herritarren itxialdi egoerak ekarri du, beste hainbat erabakiren artean, kultur programazio guztiak bertan behera uztea. Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du”, adierazi dute deialdirako propio zabaldu duten www.kulturgintzan.eus webgunean. “Emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi beharra modu latzean zigortzen ari da euskal kulturgintzaren ekosistema”. Horren jakitun, kulturgintzaren ekosistemako hainbat eragilek neurri sorta zehatzak proposatu dituzte, bai larrialdiak dirauen artean hartzekoak, baita etorkizunean gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak. “Larrialdi egoera ezohiko honek eragindako krisiari elkarrekin aurre egiteko deia luzatu diegu erakunde publikoei. Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari. EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu. Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da”.

Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak…, gehien-gehienak debalde. “Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu”.

Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du. “Askok denbora emateko aukera legez hautatu duzue, entretenimendu gisa. Kulturgileontzat, ostera, entretenimendu hutsa baino, gure sormen lanek bestelako balioak partekatzen dituzte: Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar”.

Manifestua sinatu dutenen artean daude: Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Aiora Renteria abeslaria, Alaine Agirre idazlea, Eider Eibar marrazkilaria, Eneko Sagardoy aktorea, Gorka Urbizu musikaria, Itziar Ituño aktorea, Jon Maya dantzaria edota, Maite Larburu musikaria, besteak beste.

Zabaldu: