Udazkenean egingo da Baffest jaialdia, Barakaldon

“Bizi dugun egoera berezia dela eta, argazkilaritzarekin dugun hitzordua urrira arte atzeratu behar izan dugu”, adierazi dute Barakaldoko Baffest jaialdiko antolatzaileek.

Barakaldon urtero antolatzen den emakume argazkilarien jaialdi hau, beraz, udazkenean egingo da. “Emakume argazkilarien lanei ikusgarritasuna ematen jarraitu nahi dugu eta berdintasunaren eta kultura eskuragarriaren alde lanean jarraitzen dugu”.

Jaialdia bera baino lehen, Baffest-ek Euskal Emakume Argazkilari Berrien Lehiaketa antolatzen du urtero eta aurtengo partaide kopuruak 2019koa bikoiztu egin duela nabarmendu du antolakuntzak. “Guztira 55 lan jaso genituen deialdia irekita egon zen epealdian (otsailaren 12tik martxoaren 22ra bitartean).

Nagore Legarreta lehiaketaren arduradunaren arabera, oso pozik daude aurten lehiaketarako jaso dituzten proposamenen kopuru eta kalitatearekin. “Urtetik urtera, parte-hartzaile kopurua gero eta handiagoa dela ikusten dugu. Horrek indartu egiten gaitu, jaialdiaren helburua Baffest-eko komunitatea hazten joatea baita, gure artean sareak sortuz. Lehiaketa bat baino gehiago topaleku bat bezala da guretzat, gure inguruko argazkilarien lana sortu eta zabaltzeko pizgarri gisa. Eskerrik asko euren lanak aurkeztu dituzten guztiei”.

Eneka Fernandezek, Itziar Bastarrikak, Ixone Sadabak eta Roberto Villalonek osatutako epaimahaiak bosgarren edizio honetan parte hartuko duten zortzi finalistak aukeratu ditu:

Maria Azkarate, Tercer paisaje. Una utopía contemporánea.

Leire Zabaleta, Mirame.

Yone Estivariz, gu, Latxa.

Maria Sanchez, Demeter.

Eider Moreno, Apurtu.

Maied Urrutia, 30 veces yo.

Miren Barrena, Solo hace falta pegamento para atrapar el pasado.

Ana Martin, ¿Y si Jesucristo hubiese nacido mujer?.

Zabaldu: