[BIDEOA] ‘Ez dakit zer eguna den’ kantuaren bertsio kolektiboa aurkeztu du Jurgi Ekiza musikariak

37 pertsonen parte hartzeaz ondu du orain aurkeztu duen abesti kolektiboa.

Konfinamenduaren hasieran, Jurgi Ekiza abeslari eta musikariak ukelelea alboan, itxialdiaren gaineko abestia ondu eta bere sakelakoarekin grabatu zuen, “nahi duenari kanta honetan parte hartzea proposatu nahi diot, kanta kolektiboa sor dezagun”, zabaldu zuen sare sozialen bitartez. Martxoko deialdi horrek berehala izan zuen erantzuna eta denetara 37 lagunen parte hartzeaz osatu du orain aurkeztu duen abesti kolektiboa.

Ekizak adierazi duenez, dena antolatzea, ekoiztea eta nahastea ez da lan makala izan, baina esperientziarekin pozik gelditu dela azpimarratu du: alde batetik, “musikalki emaitza ederra delako, ene uste apalean… “hastapenean telefonoan grabatutako kantatxo pixka bat tristea zenean, bakoitzaren influentziarekin kanta aberastu da, eta denen energiak metatu dira abesti alaia eta dinamikoa bilakatzeko!”. Bestetik, “biziki kontent naiz parte hartzaileen erantzunarekin, noski. Ez nuen uste hain beste egonen ginenik, eta ze ederra den nahastea haur eta helduen ahotsak, Iparraldeko eta Hegoaldeko bateriak, perkusioak, gitarrak ala Bouzouki greziera, baita Bretainian bizi den Japoniar baten soinuak gehitzea ere, edo Tahititik heldu diren piano eta gitarrak… Milesker denei, bihotzetik”.

Musikariarentzat garrantzitsua zen zerbait kolektiboa sortzea “bereziak girela oroitarazteko, baina ez isolatuak… Eta sare sozialen garai honetan, pentsa dezagun ere tresna hauek elkarrekin gauzak egiteko erabiltzen ahal direla, eta ez soilik batzuek beste batzuei gauzak erakusteko ala irakasteko… Inportantea da elkarrengandik ikastea, baina ez dezagun ahaztu gauzak elkarrekin egiten! Hau da ere kultura!”.

Zabaldu: