Lanak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte egongo da zabalik eta eleenganbara@sorginenea.org helbidera bidali beharko dira Gaia atalean lanaren izenburua eta parte-hartzailearen ezizena jarrita.
Eleen Ganbara Gasteizko Liburutegi Feministak konfinamenduaren egoerari buruzko literatura lehiaketa martxan jarri du. Azaldu dutenez, edozein adineko emakumeri zuzenduta dago lehiaketa eta testuak prosan edo bertsoetan aurkeztu beharko dira, euskaraz edo gaztelaniaz.
Horretaz gain, lanak aurretik argitaratu gabeak izan beharko dira eta gehienez 3.000 karaktere izan beharko dituzte, espazioak barne.
Testuak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte egongo da zabalik eta eleenganbara@sorginenea.org helbidera bidali beharko dira Gaia atalean lanaren izenburua eta parte-hartzailearen ezizena jarrita. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “testuak ezizenarekin sinatu beharko dira, hori izango baita gure erreferentzia”.
Sorgineneako liburutegiko batzordeak eta kanpoko bi aholkularik osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta erabakia hartutakoan, parte-hartzaileek e-posta bidez jasoko dute epaiaren berri . Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, epaimahaiak saria eman gabe utz dezake edo alderantziz, bi lan irabazle edo gehiago izendatu.
Sariari dagokionez, 100 euroko bi sari eta 50 euroko beste bi izango dira. Lehiaketako hizkuntza bakoitzeko bana.
Antolatzaileek lan irabazleak Sorginenearen webgunean argitaratzeko eskubidea izango dute, eta, ahal izanez gero, paperean ere argitaratuko dituzte.