(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuak bertan behera utzi ditu

“Maiatzean hezitzaileekin egin behar genituen prestaketa lanak ezin ditugu behar bezala egin; eta udako egoera nekez aurreikus dezakegu”, adierazi du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.

Euska Herriko Bertsozale Elkarteak bertan behera utzi ditu aurtengo Bertso Udalekuak. Otsailean ireki zuten hezitzaileen izen-ematea eta martxoan, bi epetan, gazteena. Guztira, 45 hezitzaile eta 180 gazte zeuden Orioko, Uitziko, Sopelako, Zugarramurdiko eta Zuhatzako egonaldien zain.

“COVID-19 pandemia tartean sartu zaigu eta harekin batera, ondoriozko neurriak ere bai. Maiatzaren hasieran hezitzaileekin ekin behar genion udalekuen prestaketa lanari. Ez daukagu, ordea, dinamika hori behar bezala gauzatzeko baldintzarik”. Bertsozaleren arabera, udalekuak udan egiten badira ere, prestaketa ezinbestekoa da udako plana aurrera ateratzeko, eta momentu honetan ezin dute horrelakorik bermatu.

Bestalde, egoera luzatzen ari da, eta ez dakite udan egonaldiak egitea baimenduko ote den. Baimenduta ere, ez dakizkite hartu beharreko babes neurriak eta lurralde bakoitzean zeintzuk izango diren baldintzak, eta, zentzu horretan, ezin dute aurreikusi horiek denak bermatzeko modua izango duten.

Horregatik eta, lehentasuna osasuna dela argi izanda, arduraz jokatu eta aurtengo Bertso Udalekuak bertan behera uztea erabaki du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. “Erabaki zaila da, parte hartzen duten gazteek, hezitzaileek, gurasoek eta Bertsozale Elkarteak ilusioz elikatzen duten egitasmoa baita. Bertsolaritzarekin jolastu, lagun berriak egin eta egonaldiotan sortzen den giroa paregabea da parte hartzaileentzat; horren erakusgarri 22 urteotan izan duen arrakasta. Datorren urtean itzuliko dira Bertso Udalekuak”.

Zabaldu: