Pello Mari Otaño ikerketa beka deialdira aurkezteko epea luzatu dute

Ezohiko egoera aintzat hartuta, ekainaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira ikerlan proposamenak.

Kilometroak egitasmoaren barruan berrikuntza gisa aurkeztu zuten Pello Mari Otaño ikerketa beka otsailean. Orain Kilometroak egitasmoak Mintzola Ahozko Lantegiarekin elkarlanean eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Teodoro Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin antolatutako ekimena luzatzea erabaki dute. “Apirilaren 2an amaitu zen deialdian parte hartzeko aukera, konfinamendu aroan. Ezohiko egoera aintzat hartuta eta hala egiteko aukera ikusita, deialdira aurkezteko epea luzatzeko erabakia hartu dugu”. Honenbestez, ikerlan proposamenak ekainaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta ebazpena uztailaren 2an argitaratuko da, beranduenez.

Gipuzkoako Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen helburua, proiektuen ikergaia horixe izanik; bailarako ahozko ondarearen bilketa eta ikerketa, alegia. Hautatutako proiektua garatzeko 3.000 euroko diru-laguntza eta urtebeteko epea izango ditu ikertzaileak.

Otaño Zizurkilen jaio zen, 1857ko urtarrilaren 26an; eta Argentinan, Rosarion, hil zen 1910eko maiatzaren 6an. Bertsolaria eta idazlea izan zen eta batez ere bertso paperengatik egin zen ezagun (ez zuen jendaurrean kantatzen, eztarri arazoak zituelako), baina poesia ere landu zuen. Gaur egun oraindik oso ezagunak dira Ameriketatik bidaltzen zituen bertso paperak. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusietako bat lirismoa da; izan ere, herriaren izpiritua inoiz baztertu ez bazuen ere, haren bertsoek sarritan poesia landuaren balioa dute.

Deialdiaren xehetasunak Mintzola Ahozko Lantegiko, Kilometroak-eko eta Zubimusu Ikastolako webguneetan topatuko dituzue.

Oinarriak hemen.

Zabaldu: