Hendaiako kultur guneak Gonbidatu artista bat eta Udaberria gure leihoetan egitasmoak jarri ditu martxan.
Proposamen berrituekin dator Hendaiako Bordeline Fabrika. Oraingoan kolektiboko sortzaileak deskubritzeaz gain, artista bat hendaiarren leiho azpira gonbidatzea proposatu nahi izan dute eta baita udaberria etxera ekarriko dizkiguten instalazio artistikoak sortu eta partekatzea ere.
Konfinamendu egoeragatik, “ezin dugu behar bezala lanik egin, beraz publikoa, zu, topatzeko moduak asmatzen gabiltza egun ditugun segurtasun neurriak errespetatuz”. Maiatzaren 1erako, esaterako, Gonbidatu artista bat ekimena jarriko dute martxan, “zure leiho azpira artista bat gonbidatzea proposatu nahi dizugu”. Hala, “ezuste artistiko bat” izan nahi duten guztiek galdetegi hau bete beharko dute. Sorkuntza lan txiki bat izango dela zehaztu dute antolatzaileek, 2 eta 5 minutu artekoak. “Lekuak mugatuak izango dira eta izen-emate ordenaren arabera beteko ditugu”. Izena emateko epea ostegunean, hilak 23, amaituko da eguerdiko 14:00etan. “Kaleak aske izan daitezen eta gu, aske gure kaleetan! Kale arteen federazioak maiatzaren 1erako deituriko Rue libre ekimenaren parte da ekintza hau”, azaldu dute Borderline Fabrikako kideek.
Udaberria gure leihoetan
Gonbidatu artista bat ekimena ez da Hendaiako kultur guneak dakarren berrikuntza bakarra, kolektiboak hendaiarrek beren leihoetan instalazio artistikoak sortu ditzaten gonbidatu nahi ditu, “posible bada, espazio publikotik ikus daitezen”, zehaztu dute. Instalazio hauek Udaberria gure leihoetan gaiari erantzungo diote eta hainbat forma artistiko uztartu ditzakete: collagea, margoa, marrazkia, argazkia.
Sorkuntza lanak egin ondoren, instalazioen argazkiak egin eta posta elektroniko honetara contact@borderlinefabrika.eus bidali beharko dira. “Egoerak ahalbidetzen duenean, lanak kalean zabaltzeko unea antolatuko dugu”. Proposamen kolektibo hau La grande lessive ekimenean oinarrituta dago.