(argazkiak: Marie de Jongh)

Aholkularitza pertsonalizatua eta bi gida EAEko kultur langile eta eragileen eskura

Kulturklik Pro plataformaren bitartez bi tresna eskainiko ditu Eusko Jaurlaritzak: aholkularitza pertsonalizatua eta diziplina desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzu honen helburua da Covid 19 birusak eragindako krisiaren ondorioz abian jarritako neurriei buruzko informazio guztia interesa izan dezaketen guztiei helaraztea. Kulturklik Pro plataformaren bitartez (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/) bideratzen da zerbitzua eta funtsezko bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.

Ekimen berri honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi die kultur sektoreei, bai eta erakundeek abian jarritako laguntza-lerro guztiei buruzko informazioa eman ere; Sailak berak Lanbiderekin batera bultzatutako diru-laguntzen inguruko informazioa ere eskainiko da (‘Kulturako profesionalentzako programaren’ bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira). Zerbitzuak, halaber, informazioa eskainiko du Sailak kultur sorkuntza sustatzeko dituen diru-laguntza deialdiei buruz (12 deialdi eta 50 modalitate inguru).

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, “erakunde ezberdinek kulturaren arloa laguntzeko era askotako bideak jarri dituzte abian. Ezohiko egoera baten aurrean daude, eta kulturaren arloko langile eta eragileek zalantzak dituzte bide horiek hartzeko aukeren inguruan. Aholkularitza zerbitzu honen helburua da laguntza pertsonalizatua eskaintzea kulturaren arloko norbanako zein eragileei”.

Aholkularitza pertsonalizatuari dagokionez, kulturaren arloko langileek eta erakundeek zalantza zehatzak argitu ahal izango dituzte. Galderak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek e-mailez edo telefonoz jasoko dute erantzuna 48 ordu baino lehenago.

Aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultura arloko norbanakoei eta erakunde zein enpresei zuzenduta dago. Gainera, bigarren fase batean, kultura-sektoreetako elkarteen aholkularitza-zerbitzuekin batera lan egingo du.

Bestalde, bi gidei dagokienez, lehenak Euskadiko kultura-sektorearentzako neurrien eta laguntzen gida Covid-19ren aurrean du izena, eta kulturaren arloko langileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri jorratzen ditu: langile autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; azken asteetan onartutako zerga-erraztasunak; finantzaketa-ildoak… Gida dinamikoa izango da, eta eguneratuko da kulturako langileentzat interesgarriak diren neurri berriak onartu ahala. Gida hau egunero elikatzen joango gara neurriekin.

Bigarrenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kulturako profesionalei laguntzeko programari buruzko ohiko galderak izeneko gida jarri du kulturako langileen eskura. Kasu horretan, helburua da Sailak eta Lanbidek abian jarritako Programaren xehetasun guztiak azaltzea. Bigarren gida hau, Lanbideren laguntzak argitaratzen diren egunean ezagutzera emango da.

Zabaldu: