Izarok Donostiako Victoria Eugenia antzokiko teilatutik online bidezko zuzenekoa eskainiko du, bihar

Donostia Kulturak DK Etxean ekimenari amaiera emango dio asteburu honetan Izaroren online bidezko zuzenekoarekin. Kantari mallabiarrak hirukote formatuan (Izaro Andres, ahotsa eta gitarra; Iker Lauroba, ahotsa eta gitarra; Garazi Esnaola, teklatuak) eskainiko du zuzenekoa eta Donostia Kulturaren Youtube kanalean soilik ikusi ahal izango da emanaldia.

Deskonfinamenduarekin bat eginez, Donostia Kulturak amaitutzat emango du DK Etxean. Adierazi dutenez, “programak ohiko online zerbitzu eta edukiak gainditu ditu, herritarrei bertako artistei propio eskatutako eduki kulturalak eskaintzeko”.

Hemendik aurrera, Donostia Kulturak online edukiak eskaintzen jarraituko du. “Lan-ildo hori dagoeneko in crescendo zegoen erakundearen estrategian, baina, zalantzarik gabe, bizkortu eta indartu egingo da, bizi ditugun baldintzak direla-eta”. Horregatik, Donostia Kultura ON! lan-ildoa sortu dute. Egitasmoak DK Etxean programaren ondorio gisa sortuko duten ekoizpen digital guztia hartuko du, baita, etorkizun hurbilean, itzuli nahi duten offline programazioari lotutakoa ere.

Etapa batetik bestera igarotzea markatzeko, Donostia Kulturak emanaldi berezia eskainiko du bihar, maiatzak 8, Antzokia Etxean programa digitalaren baitan. 18:30era aurreratu den NODEren lanaren ostean, Izarok kontzertua eskainiko du online, Victoria Eugenia Antzokiaren teilatutik grabatuta; 19:00etan, hain zuzen. Kantari mallabiarrak hirukote formatuan (Izaro Andres, ahotsa eta gitarra; Iker Lauroba, ahotsa eta gitarra; Garazi Esnaola, teklatuak) eskainiko duen zuzenekoa Donostia Kulturaren Youtube kanalean soilik ikusi ahal izango da; izan ere, kaletik ezin izango da ikusi.

Izarok estreinatu berri duen Tiempo ausente abestiarekin emango dio hasiera ordu erdiko emanaldiari. Konfinamenduan sortu du kanta hori eta zuzenekoaren gozamenerako deia da, hurbiltasunerakoa.

Emanaldiak Antzokia Etxean egitarauak aste hauetan bertako artista eta sortzaileei emandako babesa azpimarratu nahi du eta esanahi berezia izango du Donostiako espazio eszeniko nagusia den Viktoria Eugenia Antzokitik zuzenean emitituko baita.

Kontzertuaren bideo editatua igandean, maiatzak 10, 12:00etatik aurrera ikusi ahal izango da, Donostia Kulturaren Youtube kanal berean.

Azken txanpan diren DK Etxean eta Antzokia Etxean programen amaiera honekin, Donostia Kulturak eta Victoria Eugenia Antzokiak herritarrei gonbita egin nahi die zuzeneko kulturara, itzultzeko irrikaz dauden zuzeneko ikuskizunetara, pixkanaka hurbil daitezen.

Zabaldu: