[Bideoa] Joxean Agirrek ‘Nobela errealista bat’ ondu du ironia dosi handiarekin

Euskal Herriko iragan hurbileko istorioak aletzen ditu idazleak ironia dosi oparoak banatuz.

Joxean Agirrek (Azpeitia, 1948) Nobela errealista bat (Elkar) izeneko eleberria aurkeztu du, gaur, streaming bidez egindako agerraldian. Bi pertsonaia nagusi ditu idazlearen azken lanak, biak ala biak garai eta momentu berekoak; alde batetik Loiuko aireportuan lan egiten duen taxi gidaria dugu, honek autoan jasotzen dituen bezeroei frankismoaren bukaerako ekintzaileen pasadizoak kontatzen dizkie. Agirrezabal idazle zarauztarra dugu bigarren protagonista, aspaldi honetan, bere lanek arrakasta handirik ez dutela ikusirik, argitaletxeak fikzioa alde batera utzi eta nobela errealista bat idatz dezan eskatuko dio. Agirrezabalek Mikel Lejarza El Lobo ETAn ibilitako satorraren bizitzaz idazten hasiko da orduan. Jardun horretan ari dela, taxilariaren emaztearen maitalea ere baden idazlea istripu edo atentatu ilun batean hil egingo da, “nobela erdibidean utzita, eta nor egokiago taxizalea baino, eleberri errealista hori amaitzeko?”

Agirreren arabera, gure iragan hurbilari buruzko memoria ariketa batzuk tartekatzen dira nobela honetan zehar, horretarako izen asko ageri dira liburuan: Mario Onaindia, Mikel Azurmendi, Xabier Arzallus, Jon Idigoras, Santi Iparragirre eta Xabier Zumalde dira horietako batzuk

Egileak azaldu duenez, eleberriaren gai nagusia gizartean literaturak duen “efikazia politiko urri” da, “oihartzun txikia edo eragin eskasari buruzko gogoeta bat”.

Zabaldu: