Euskal kantagintzaren hastapeneko lehen 25 urteak (1961-1985) jasotzen ditu liburuak.
21 urte zituela idatzi zuen Pako Aristik (Urrestilla, 1963) Euskal kantagintza berria izeneko liburua. Saiakera periodistiko moduan aurkeztu zuen lana eta bertan euskal kantagintzaren hastapeneko lehen 25 urteak jaso zituen (1961-1985). Gaur streaming bidez egindako agerpenean edizio eguneratu bat aurkeztu du idazleak. Liburua 1983. urtean, Erein argitaletxearen enkarguz ondu zuela kontatu du, “Ideia Bernardo Atxagak aurkeztu zuen argitaletxean, nik ez nuen oraindik libururik argitaratu, baina kazetaritza ikasten ari nintzen eta dagoeneko egunkari batzuetarako elkarrizketak egiten nituen”, azaldu du idazleak. Hala ezagutu zuen Aristik Asteasuko idazlea, “Atxagak nire izena kazetari gazte bezala aurkeztu zuen argitaletxean”. Aristik pozarren jaso zuen saiakera idazteko enkargua, “garai hartan euskal kantagintza asko entzuten nuen, liburuan agertzen ziren kantari guzti horien diskoak entzunda nituen eta izugarri maite nituen, beraz, jende horrekin egoteko aukera paregabea izan zen, gainera lanerako gogo izugarria neukan”.
Liburuaren egituran hiru elementu planteatu zituen: batetik elkarrizketak, gero hemeroteka lana eta hori guztia aurkezteko fikzioa, “istorio xume bat asmatuta”. Liburuan bi pertsonaia nagusi ageri dira, alde batetik narratzailea bera eta Aristi kantariei elkarrizketak egitera eramaten zuen txoferra. Kapitulu gehienak narratzaileak idazten dituen arren, gidariak ere atal bat idazten du.
Egilearen asmoa elkarrizketatu bakoitza bizi zen tokira joatea izan zen, “kantarienganako bidaia horiek txoferrak eta biok egin genituen”. Horren gainean antolatu zuen idazleak pilatutako dokumentazio guzti horri forma emateko egitura literarioa.
Saiakera bera ontzea ez zen lan makala izan Aristirentzat, idazten hasi eta berehala konturatu zen Euskal Herrian ez zegoela erreferenterik, aurretik inork ez baitzuen horrelako liburu bat idatzi, “euskal kantagintza garai horretan oso indartsu zegoen, sozialki eragin handia zuen, jendearengan, politikarengan, frankismoaren azken urteetan… gero trantsizioa deitu izan den aro horretan euskal nortasunean, identitatean… maila askotan eragin zuen eta presentzia handia zuen, gaur egun daukana baino mila aldiz gehiago. Oso gai garrantzitsua zen eta apetitosoa, baina liburu formatuan behintzat, inork ez zuen horri buruz ezer idatzi”. Hala, Aristik kontatzeko modu bat sortu zuen Ipar Amerikako kazetaritza berrian oinarrituz. “Teknika horren oinarria kazetaria pertsonaia bizi zen lekura joatea zen”, elkarrizketatuak onartuz gero, kazetariak berarekin ematen zuen goiz oso bat, edo egun bat, eta pertsonaiaren iritziez gain, pertsonaia nola eta non bizi zen, bere bulegoa nolakoa zen, zenbat zigarro erre zituen egun horretan… bere bizitza pertsonaleko zertzeladak jasotzen zuten eta horrela lortzen zuten pertsonaiaren irudi globalago bat ematea. “Pertsonaiaren humanizazio bat zekarren horrek”, idazlearen ustez.
Teknika horri jarraituz, Aristik orduak eman zituen elkarrizketatuekin, elkarrizketa luzeak egin zituen, baina irakurlea ez aspertze aldera zatikatu zituen, “idazkera kaleidoskopiko hori egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan. Beti izan diot errespetu handia irakurleari eta nire liburuek irakurlea ez aspertzen saiatu izan naiz beti.