Historia hurbilaz idazteko Tene Mujika beka martxan

Proiektuak 2020ko abenduaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira helbide honetara: artxiboa@deba.eus

Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz, XV. Tene Mujika beka jarri dute matxan Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, horretarako parte hartu nahi duenak, gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkeztu beharko ditu: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… Lan guztiak jatorrizkoak eta  euskaraz sortuak izan beharko dira, aurrez argitaratu nahiz saritu gabeak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi ezaugarri hartuko dira kontuan proiektuak aztertzerako orduan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. “Ez da fikziorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak ikerketak bezala egin daitezke, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak”.

Proiektuak 2020ko abenduaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira helbide honetara: artxiboa@deba.eus.

Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabette Garmendiak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean bat izendatuko dute irabazle 2021eko urtarrila amaitu baino lehen. Irabazleak bere aldetik, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua helarazteko.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

 

Zabaldu: