[Bideoa] ‘Aralar. Mundua leku den lurra’ dokumentala liburu formatuan aurkeztu dute

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel idazleen testuekin eta Iban Toledoren fotogramekin osatutako liburua da Aralar. Mundua leku den lurra.

Lau urte atzera egin behar dugu eskuartean dugun Aralar. Mundua leku den lurra (Erein) izeneko liburuaren hastapena ezagutzeko. Landarlan ingurumen elkarte ekologistako kide batzuek zuten kezka batetik abiatu zen proiektua, “Aralarko Natur Parkearen zaintza kaxkarraren ondorioz sortutako egoera baten aurrean geunden, orduan, Aralarren alde zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen”, azaldu du Aloña Jauregi elkarteko ordezkariak. Ekimen desberdinak egin ostean, dokumental bat sortzea otu zitzaien, bertako ondare natural eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin, batez ere. Hala, On Produkzioak etxeko Iban Toledorekin jarri ziren harremanetan. Toledok Aralar bera pertsona bat bezala planteatu zuen, “Aralar harkaitz bat eta lau belar baino askoz gehiago da, zerbait bizia bezala ikusi izan dut beti eta pertsonaia gisa hartzeak gauzak asko errazten ditu. Aralar zoragarria da, baina pertsonaia guztiak bezala hau ere nahiko egoskorra da eta grabatzerako orduan bidean zailtasunak ere jartzen ditu: haraino joan beharra dago, aldapak daude, leizeak, errekak… eta beste alde batetik eguraldia dago: hotza, beroa…”. Zailtasunak zailtasun, Aralarrek altxorrak ere agerian uzten dituela uste du Toledok eta altxor horien adierazletako bat gaur aurkeztu duten liburua da.

Jauregik azaldu duenez, irudiek proiektu honen funtsa osatzen dute, baina baita testuek ere. “Gaur aurkezten ari garen liburu honen testu zoragarria Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek idatzi dute”. Proiektua aurkeztu genienean berehala eman zuten baiezkoa. “Goierritarrak gara, Aralar betidanik egon da gure bizitzan, gure aurrekoak ere Aralarretik datoz, gure iruditerian, gure mendiaren irudia Aralar da, beraz, nahiz eta hasiera batean enkargu bezala jaso, opari bezala hartu genuen. Aralar gure biografiaren parte oso garrantzitsua da”, kontatu du Agirrek.

Eskisabelen esanetan, “Aralar gure lekutzat dugu eta ziur aski gu biok izango gara gure familietan behintzat, erabat hiritartutako lehendabiziko belaunaldiko kideak, eta horrexegatik Aralarrekin oso bizipen harreman estua izan duen genealogia baten parte gara, nolabait”.

Agirrek eta Eskisabelek testuaren noranzkoa argi zuten hasieratik: “Aurrerabideak eta deshazkunderako premiak dakarren tentsioa”. Gaur egunera ekarrita, “Aralarren balio horretaz guztiaz hitz egiterakoan tentsio horren aurrean sentitzen ginen, natura, kultura, jendearen arteko harreman ezinbesteko eta korapilatsu horren aurrean jarri ginen, tentsio baten aurrean. Testua planteatzerakoan, tentsio horri buruzko gogoeta edo begirada bat ekartzea izan zen lehendabiziko helburua”.

Tentsio horri forma emateko idazleek testu poetikoa aukeratu zuten, “adituen ahots polifonia handi bat zegoen eta guri beste estilo bat eskatzen zigun, beste bide bat jorratzea, emozioetara joz”. Idalezleek testu politiko poetiko bat idatzi dutela esaten dute. Dokumentalaren amaieran agertzen den Aralarko artzainaren esaldi batean oinarritu ziren testu politiko poetikoa osatzeko: “larreak lortuko baditugu, Aralarri lizarrak eman behar zaizkio”. Ideia hori testura ekarri zuten, “azken finean hori izan daiteke testu honen laburpena”.

Zabaldu: