(argazkia: Gernikako Euskal Herria museoa)

Bizkaiko museoak ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko dituzte

Bilboko Guggenheimek, Arte Ederren museoak, Hontza museoak, Antzasti Euskaldunon Etxeak, Bizkaia Zubiak, Gernikako Bakearen Museoak, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak eta Agurtza Arrantza teknikaren Interpretazio zentroak gaur ireki dituzte ateak.

Bizkaiko museoak ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko direla iragarri du Aldundiak, hori bai, osasun arloko segurtasun-neurri zorrotzekin. “Zentro horiek ezaugarri bereziak dituzte, eta asko espazio berezietan daude; horietan, kalitatea eta bisitaren edukia lehenesten dira, eta ahalegin handiagoa egin behar izan da espazioak egokitzeko eta eskaini izan diren jardueretan aldaketak egiteko”. Zentroei zeregin horretan laguntzeko, Aldundiak zentroak berriro irekitzeko plan bat egin du. Plan horretan, Bizkaiko kultura-ondarearekin lotutako 36 museok eta zentrok egindako ekarpenak jaso dira. Neurrien plan hori Bizkaiko museo guztiekin partekatu da, azpiegitura bakoitzean egin beharreko egokitze-lanak errazteko eta, bakoitzaren berezitasunak kontuan harturik, segurtasun-protokolo bat idazteko.

Hortaz, kultura-espazioak gune seguruak eta era berean herritarrek gozatzeko lekuak izan daitezen prestatu dituzte. Museoetan neurri hauek hartuko dira, besteak beste: Pertsonen artean bi metroko distantzia mantenduko da, espazioak sarritan garbituko dira, ahalik eta gehien mugatuko da ordainketak eskudirutan egitea, maskara nahitaez erabili beharko da, eta debekatuta egongo da kutsatzea eragin dezaketen azalerak ukitzea (barandak, heldulekuak, eskudelak, botoiak, ukipen-pantailak eta antzekoak). Ibilbideak egokitu dira, eta seinale gehiago jarri dira. Gainera, espazio gehienetan mantendu egin da jendaurreko zerbitzua.

Jarduerei dagokienez, ez da tailerrik egongo irailera arte; hala ere, beste jarduera batzuk egin ahal izango direla iragarri dute, besteak beste, bisitaldi gidatuak edo erakustaldiak, nahiz eta ohi baino talde txikiagoetan egingo diren.

Horiek dira museoek ateak irekitzeko ezarri behar izango dituzten neurrietako batzuk. Aldundiaren museo- eta areto-sarea prest dago ekainaren 9an ateak irekitzeko. Hauek dira aretoak: Ondare Aretoa, Rekalde Aretoa, Euskal Herria Museoa (Gernika), Arkeologia Museoa, Arrantzaleen Museoa (Bermeo), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Txakolingunea (Bakio) eta Euskararen Etxea.

Santimamiñeko koba eta Muñatones gaztelua, ekainaren 9an irekiko dira, eta aurretiazko hitzorduarekin bisitatu ahal izango dira.

Lurraldeko gainerako museoak gaurtik, ekainak 1, hilaren 16ra bitartean irekiko dira.

Bizkaiko museoak irekitzeko ezarri den egutegia:

Ekainak 1: Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa (Bilbo), Hontza Museoa, Antzasti Euskaldunon Etxea, Bizkaia Zubia, Gernikako Bakearen Museoa, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa eta Agurtza Arrantza teknikaren Interpretazio zentroa.

Ekainak 2: Itsasmuseum Bilbao, Enkarterrietako Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eta Durangoko Arte eta Historia Museoa, Orozkoko Museoa eta Simon Bolivar Museoa.

Ekainak 3: Euskal Museoa eta Bilboko Artelan Berreginen Museoa.

Ekainak 6: Dolomitas Museoa eta Athletic Club Museoak ere zabalduko ditu ateak printzipioz asteburuetan bakarrik.

Ekainak 7: Automobil Zahar eta Klasikoen Museoa (Torre Loizaga).

Ekainak 9: Aldundiaren museo- eta areto-sarea, Santimamiñe eta Muñatones Gaztelua. Eta Bilboko Aste Santuko Pasoen Museoa.

Ekainak 11: Balmasedako Historiaren Museoa eta Balmasedako Pasio Bizidunaren Museoa.

Ekainak 13: Butroiko Plazentia Museoa.

Ekainak 15: Industriaren Museoa.

Euskal Abertzaletasunaren Museoa eta Medikuntza Historiaren Euskal Museoa itxita egongo dira.

Zabaldu: