Euskadiko Orkestrak hausnarketa eta elkarrizketa sakon baten ostean, marka bakarra izatea erabaki du: Euskadiko Orkestra. “Orain arte erabili diren izendatzeko modu guztiak (EO, OSE, EOS, etab.) ordezkatuko ditu, izan ere, guzti hauek oso modu aldakorrean erabili dira orain arte eta ez dira erabilgarriak izan marka indartzeko, azaldu dute Orkestrako arduradunek. Nazioarteko zabalkundea lortzeko Basque National Orchestra izendapena erabiliko dute.
Euskadiko Orkestra 1982an sortu zen musika ondasun unibertsal eta ondare kultural bezala sustatu eta garatzeko helburuarekin. “38 urte hauetan, ordea, gure gizartea goitik behera eraldatu” dela adierazi dute: “kultura ulertzeko modua erabat aldatu da, musikarekin harremantzeko eta hura kontsumitzeko moduak ere aldatu egin dira, baita markek euren audientziekin komunikatzeko dituzten moduak ere”. Gaur egun, euskal gizartea garatzen doan heinean, Euskadiko Orkestrak xede horrekin konprometituta jarraitzen du, eta gizartearekin batera gauzatu nahi du eboluzio hau.
Arrazoi horregatik, hain zuzen, egin nahi izan dute hausnarketa- eta elkarrizketa-ariketa hau orkestrako musikarien zein kanpoko kolaboratzaileen eta orkestraren lagunen lankidetza eta ekarpenekin. Prozesu horrek guztia helburu nabarmen batekin egin da: “pertsonekin gehiago konektatzea eta eragin nabarmenagoa izatea orkestrak eragile kultural eta sozial gisa duen rol horretan”.
Testuinguru berri honetan, Euskadiko Orkestrak irudi eraberritua estreinatu du gaur, eta honek islatuko ditu “bere identitatea, eraldaketa sozialerako sentsibilitatea eta, bereziki, gizarte elkartuago eta aberatsago baten aldeko ikuskera, bere musikaren botere unibertsal eta deskribaezinaren bidez.