Aurten ezingo da espedizioa burutu, baina “irailetik aurrera, inoiz baino gogo gehiagorekin hartuko diogu hurrengoa prestatzeari”, adierazi du antolakuntzak.
Hasiera batean EuskaraAbenturaren hirugarren edizioa abuztuan egitea proposatu bazen ere, Koronabirusaren osasun krisiak eragindako alarma egoeragatik, espedizioa datorren urtera atzeratzea erabaki du antolakuntzak.
2018an jarri zuten martxan egitasmoa eta ordutik hona, udaro, 120 gazte euskaldunek osatutako espedizio batek Euskal Herria oinez zeharkatzen du uztailaren 1etik 31ra, Mauletik Getxoraino. Aurtengo ediziorako 321 gaztetxok emana zuten izena: %33 bizkaitarra, %23,7 gipuzkoarra, %23,1 nafarra, %15,3 arabarra, %2,8 zuberotarra, %1,6 lapurtarra eta diasporakoak 2 gazte ziren. Izena emateko, haietako bakoitzak proiektu original bat eta motibazio gutun bat bidali zituen, eta “kalitate handiko lan asko” jaso dituztela azaldu dute. Elkarteak aurtengo hautagaiek egindako esfortzua aitortu nahi izan du, eta, horregatik, datorren urterako gordeko ditu 2004an jaiotako gazteek egindako proiektuen ebaluazioen emaitzak. 2021 urteko matrikulazioa, egoera normal batean, 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteei zuzenduta egongo litzateke. Horregatik, 2003an jaio direnei dagokionez, erantzun bat eman aurretik, elkarteak euren parte-hartzeak espedizioaren antolakuntzan izango lukeen eragina aztertu nahi du.
Bien bitartean, elkarteak bere baloreak transmititzen lanean jarraitu nahi duela adierazi du, ez dute uda galdutzat jo nahi eta alternatibaren bat bilatzen ari direla adierazi du. “Irailetik aurrera, inoiz baino gogo gehiagorekin hartuko diogu hurrengoko espedizioa prestatzeari”.