Eraberrituta dator Botaba egitasmoaren hirugarren edizioa.
Bueltan da beste behin Botaba egitasmoa, aurreko hiru edizioetako helburu berarekin, baina guztiz eraberriturik. Esamoldeak gazteen artean zabaltzeko bideo-lehiaketa gisa jaio zen Botaba erronka orain dela hiru urte Instagramen. “Bideo laburretan esamoldeen erabilera irudikatzeko eskatzen zen, eta zein baino zein lan original eta zelebreagoak jaso genituen parte hartzaileen aldetik”, azaldu du Labayruk.
Oraingoan, berriz, Euskal Esamoldeen Unibertsoa eratu nahi izan dute urte osoko ekimen jarraituan. “Kalean eta lagunartean erabiltzen ditugun esapide kolokialen erabilera modu dibertigarri eta dinamikoan sustatu eta bultzatu nahi dugu”, adierazi du Labayruk. Ligatzeko orduan, parranda-giroan, lagunari adarra jotzerakoan… adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak jolasaren bitartez ezagutaraztea nahi dute, parte-hartzaileekin interakzioa sustatuz. Eduki didaktikoez gain, egunean-egunean euskal esamoldeei lotutako erronkak proposatuko dizkiete parte hartzaileei, euren egunerokoan baliagarriak bezain erabilgarriak izan daitezkeen esaldi eginak eskura ditzaten.
Aurreko urteetan bezala, egitasmoaren oinarria Labayru Hiztegi Fraseologikoa eta bertan bildurik dauden esamoldeak izango dira, baina aldi berean, kaleko erabilera naturala ere ekarri nahi dute Botaba Unibertsora, erdi ezkutuan dauden esamoldeak ateraz.
Horretarako, esparru desberdinetako Euskal Herriko pertsonaia erreferenteen kolaborazioa izango dute, kirol mundukoak, kultura arlokoak eta komunikazioaren esparrukoak, besteak beste. “Honezkero, hainbat aurpegi ezagun batu dira ekimenera, lekuan lekuko esamolde fresko, kolokial eta lagunartekoen berri emateko konpromisoa hartuta. Izan ere, euren ahotik entzundako esamoldeak beti dira lagungarri gazteen artean errazago zabaltzeko”.
Zozketak, lehiaketak eta sari ederrak
Astean-astean hainbat proba eta erronka bideratuko dituzte @botabaunibertsoa Instagram kontuan: asmakizunak, hizki-zopak, jolasak, galderak, hieroglifikoak… Hilean behin zozketak egingo da parte hartzaileen artean, eta gazteen gustu eta zaletasunen araberako sariak banatuko dira. Horretaz gain, egitasmoak iraun bitartean, aldian-aldian lehiaketatxoak antolatuko dira sari bereziagoak irabazteko aukerarekin.