Lander Garrok zuzendu du filma eta intsumisioaren aldeko mugimendua du hizpide. Protagonistak gaur egun 50 urte inguru dituzten Nafarroako sei intsumiso dira.
Ekainaren 22tik 24ra bitartean egingo dute Giza Eskubideen Zinemaldia Donostian, eta bertan hiru film aurkeztuko dituzte: Apaga la luz y verás (2020), Ernest Lluch, libre y atrevido (2020) eta Lander Garrok zuzendutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala. Emanaldi guztiak Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira, arratsaldeko 19:00etan.
Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalak derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten Nafarroako sei lagunen istorioa kontatzen du. Gauza asko daukate komunean sei lagunok: denak giltzaperatu zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, eta denek nahiago izan zuten kartzela ejertzitoa bainoago. Arrazoi asko egon ziren intsumiso izateko: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna edota sinesmen erlijiosoak. Ezberdinak denak ere, baina guztiek erakutsi zuten ausardia eta tema handia, harik eta Estatuari borroka irabaztea lortu zuten arte.
Intsumisioak 30 urte bete ditu, gazte haiek gaur egun 50 urte dituzte eta harriduraz so egiten diote iraganari: izan zuten konbentzimenduagatik, lortutakoagatik. Atzera ez ezik, ordea, aurrera ere begiratzen dute sei protagonistek eta denek bide oso ezberdinak hartu dituzten arren, puntu batean bat egiten dute: mundu hobeago baten aldeko borrokak.
Dokumentalaren estreinaldia Iruñean izango dela iragarri dute, baina data zehazteke dago oraindik.