Euskara ala Ezkara Elgoibarren? jardunaldia urriaren 3an egingo dute aurten.
Elgoibarko Udalak eta Izarra Euskaltzaleon Topaguneak herriko euskalgintzako eta kulturgintzako agente-eragileekin elkarlanean, Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza batera biziberritzeko prozesua martxan jarri dute. Hasi baino ez dira egin, baina bide luzea eta oparoa egiteko asmoarekin abiatu dira.
Hala, herrian euskalgintza eta kulturgintza indarberritzeko proiektua prestatzea da helburu nagusia. Elgoibartarren euskaltzaletasuna areagotzea nahi dute, eta, horretarako, egiteko eta eragiteko modu berriak topatu nahi dituzte.
Dijitalidadea enpresak egin die proposamena Udalari eta Elgoibarko Izarrari, eta berak gidatuko du lan-prozesua.
Antolatzaileen esanetan, “euskalgintza eta kulturgintza txanpon bereko bi aurpegiak dira. Ezin dira bata bestearengandik bereiztu. Biak uztartuko dituen herri-proiektua lantzea da asmoa, bi sektoreetako elkarte eta erakundeekin batera eta elkarlanean. Bakoitzak berean jarraituko du, bere zereginekin, orain arte egin duten moduan, baina herri ikuspegiarekin, denona denon artean erabaki eta egiteko bokazioarekin”.
Lan-prozesuaren lehen urratsa Elgoibarko euskalgintzako eta kulturgintzako 40 agente-eragilerekin egotea izan da. Horretarako, 40 laguneko zerrenda bat osatu eta elkarrizketa sakon bati erantzuteko eskatu zaio bakoitzari. Eragileekin aurrez aurre egotea izan zen hasierako asmoa, baina koronabirusak eragindako egoerak behartut, elkarrizketak mezu eta email bidez egin behar izan dituzte. 40 laguneko zerrenda horretan Elgibarko euskalgintzako eta kulturgintzako jendea dago. Elkarrizketak Dijitalidadeako kide Gorka Arresek (Zarautz, 1965) egin ditu.
Herri-proiektu baten beharra ikusten du Udalak eta horregatik egin du egitasmo honen aldeko apustua, Elgoibar euskaldunagoa eta kulturzaleagoa izateko. “Herriko euskara eta kultura eragileekin elkarlanean aritzeko aukera paregabea izango da”. Horregatik, Udalak finantzatuko du lan-prozesua, eta, bereziki, Euskara eta Kultura sailak izango dira ekimen honen eragileak. “Euskara Sailak urteak daramatza euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta egitasmoak antolatzen, baina euskararen erabileran aurrera egiteko zailtasunak ditu, eta bidea errazagoa izango da Kulturaren makuluarekin”.
Elgoibarko Izarra da, Udalarekin batera, ekimen honen beste eragilea. Elkarte honetako kideek aspaldi konturatu ziren horrelako lan-prozesu baten beharra zegoela. Azaldu dutenez, 2013an, atzera begirako balorazio-lana amaitu zutenean, herriko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa zela ikusi zuten. “Bakoitzak berean bakarrik jardunda, ezinezkoa izango da gure herria euskalduntzea”. Denbora asko eman dute herri proiektu bat nola artikulatu pentsatzen, eta, azkenean, lanean hasteko moduan daude.
Euskara ala Ezkara Elgoibarren? jardunaldia
Galdera horri erantzuteko bilduko dira 80 lagun inguru Aita Agirre kulturgunean urriaren 3an. Egun osoko jardunaldia izango da, eta oraindik dena lotuta ez badago ere, hasteko, lan-prozesu honen zergatia eta arrazoi teorikoak landuko dituzte. “Zergatik horrelako lan bat? Zer lortzeko?” Gero, pare bat herritako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango dute. Ondoren, Arresek hartuko du hitza elgoibartarrei egindako 40 elkarrizketek zer eman duten azaltzeko. Egoeraren deskribapena egingo du zarauztarrak, indarguneak eta ahulguneak azaleratuz. Eta horren segidan etorriko da jardunaldiko atalik garrantzitsuena: zortzi laguneko 10 lantaldetan banatu eta Elgoibarren euskalgintzak eta kulturgintzak bizi duten egoeraren deskribapen edo diagnosia bateratua eta adostua egiten saiatuko dira. Azken hori izango da jardunaldiko egiteko nagusia.
Informazio gehiago: elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus / 943 741 626 eta euskara@elgoibar.eus / 943 744 366