Zornotzako Haizetara musika jaialdia online izango da

Proposamenen artean nabarmentzekoa da jaialdiaren 14 urteko ibilbideari buruzko dokumentala, ekainaren 19an 20:15ean estreinatuko dute.

Beste formatu batean bada ere, zornotzarrek Haizetara jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute aurten ere online programazio batekin. Nazioarteko Jaialdiak bere ibilbidean geldiune bat egingo du eta atzera begira jarriko da azken 14 urteek eman dutena berrikusteko, ondoren aurrera egingo du jaialdiak eta datorren urteko jaialdiari begira jarriko dira, 15. ediziora, “aurtengoa bertan behera gelditu baita osasun larrialdiaren ondorioz”.

Hala, aurten ez da lehiaketarik egongo, ”musika bandak ez dira Zornotzako kaleetatik ibiliko herritarrak atzetik dituztela bandarik onena aukeratzeko asmoz, eta gune gastronomikorik ere ez da egongo”. Jaialdiaren online edizioak epaimahaikide izan zirenen parte hartzea izango du: Roberto Moso edo Jose Miguel Lopez kazetariak; eta saria irabazi zuten bandak: Tokyo Brass Style, yo’nle, Balkan Paradise orchestra, Sugarri edo La Banda de la Maria. Beraien testigantzekin eta antolakuntzako zenbaitekin, jaialdiaren 14 urteak gogoratuko dituzte, emankizunen irudiekin eta musikarekin, ekainaren 19an izango da, 20:15ean ondoko webguneetan estreinatuko den dokumentalean: https://haizetara.eus eta https://sarrerakzornotzaaretoa.com/mediateka/.

Horretaz gain, jaialdiaren historian zehar ibilbide bat egin ahal izango da, ondokoei erreparatuz: diseinu grafikoa, kartelen eboluzioa, argitaratu diren liburuxkak, parte hartzen duten txokoek jasotako diplomak, sariak edo banden laguntzaileek soinean eraman dituzten kamisetak. Erakusketa Zelaieta parkean egongo da ikusgai ekainaren 19tik  uztailaren 12ra bitartean,   “Haizetara kaleko jaialdi bat baita, eta kalean egon behar baitzen, eta baita Haizetararen www.ametx.eus webgunean ere.

Halaber, Unai Sasuategi argazkilariak online erakusketa bat egingo du, Haizetararen espiritua islatzeko xedearekin, jaialdiko 14 edizioetan egindako argazkien aukeraketa batekin.  Ekainaren 19tik aurrera egongo da ikusgai.

Zabaldu: