[Bideoa] Michel Portal, Oreka TX eta Iñaki Salvador, besteak beste, Donostiako 55. Jazzaldian

Antolakuntza hainbat kontzertu programatzeko ari da lanean, bertan behera geratutako doako saioetako batzuk ordezkatzeko.

Donostiako 55. Jazzaldiak osatu eta berretsi du ordaindutako kontzertuen programazioa. Lehen aurreratu zen bezala, bertako musikari asko izango dira bertan, baina, datozen asteotan mugak ireki daitezkeela ikusita, programari Europako musikari erakargarriak batu ahal izango zaizkio.

Lehenbizi, hiru kantari portugaldar: Mariza, Salvador Sobral eta Lina.

Mariza, fadoaren berritzaileetako bat eta musika portugaldarraren izar handietako bat da, eta Amalia Rodriguesen errepertorioaren interpretazioa eskainiko digu.

Linak eta Raül Refreek argitaratu duten azken diskoa lau hilabetez jarraian egon da Europako irratietan hamar lan onenen artean eta munduko musika-zerrenda nagusietan, aldizkarietan eta espezialitateko webguneetan. Gainera, New Yorkeko film laburren One Screen jaialdiko bideo onenaren sarirako eta Musikaren Egunean banatzen diren Frantziako Les Victoires du Jazz sarietarako disko onenaren kategoriarako izendatuta daude Cuidei que Tinha morrido singlearekin. Fadoaren klasikoen euren interpretazio liriko eta goibelak arrakasta handia izan du Europa osoan.

Sobralek lehen ere bereganatu zituen ikus-entzuleak Trinitate plazan eskaini zuen saio zirraragarrian, eta oraingoan beste proiektu batekin itzuliko da: Alma nuestra.

Iñaki Salvador piano-jotzaileak bi kontzertu emango ditu: bat Chano Dominguezekin eta bestea Jorge Pardo saxofoi eta flauta jotzailearekin.

Jaialdiak musikaren historian “apartak eta erabakigarriak” izan diren bi musikari omenduko ditu. Balearretako Marco Mezquida piano-jotzaileak Beethovenen lanen interpretazio ezaguna aurkeztuko du, eta horri batuko zaio boskote bikain batek, kasu hartan Charlie Parker buru zuenak –jaio zeneko 100. urteurrena izango da aurten–, emandako kontzertuetako bateko errepertorioa ekarriko duen saioa: Jazz At Massey Hall: Charlie Parker Tribute.

Piano soloaren hiru kontzertu izango dira San Telmo Museoko Klaustroan:  Bojan Z piano jotzaile serbiar bikaina eta bertako Mikel Azpiroz eta Paul San Martin izango dira protagonistak. Piano soloan ere Joachim Kühn izango dugu Victoria Eugenia antzokian.

Jazzaren, ekialdeko musikaren eta musika klasikoaren artean daude sentsibilitate eta adimen musikal “aparta” duten Europako bi musikarik,  Anja Lechner biolontxelo jotzaile alemaniarrak eta François Couturier piano jotzaile frantziarrak, emango dituzten saioak, eta euren proiektu berria aurkeztuko dute: Momento.

Michel Portal baionarrak Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen 2018an, eta “jazzeko euskal musikaririk ezagunenetako bat da, zalantzarik gabe”. Oraingoan boskote berriarekin entzun ahal izango dugu Trinitate plazan.

Beste euskaldun batek, Joseba Irazoki nafarrak, “intentsitatea eta birtuosismoa ekarriko dizkigu”, adierazi du antolakuntzak.

Rymden hirukote nordikoa “Europako musika proiekturik indartsu, kreatzaile eta konplexuenetako bat” izan da azken urtean. Bugge Wesseltoft teklista apartari E.S.T hirukote mitikoko bi kide elkartu zaizkio. Dan Berglund eta Magnus Óström dira Rymden taldeko beste bi kideak, eta talde bikain horrek emango dio amaiera Jazzaldiari Trinitate plazan.

Une hauetan Jazzaldia hainbat kontzertu programatzeko ari da lanean, bertan behera geratutako doako saioetako batzuk ordezkatzeko, eta bertako talde ugari izango dira horietan. Laster emango dira jakitera talde horien izenak eta kontzertuen formatuak.

Sarrerak

Victoria Eugenia antzokirako eta Kursaal Auditoriorako sarrerak bihar, ekainak 18, jarriko dira salgai. Trinitate plazako kontzertuei dagokienez, egun horretan (ekainaren 18an) taldeko abonamenduak bakarrik jarriko dira salgai eta, ondoren, uztailaren 2an, sarrera solteak eta bakarkako abonamenduak jarriko dira salgai. San Telmo Museoko kontzertuetarako sarrerak ere uztailaren 2an jarriko dira salgai.

Zabaldu: