Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria

[Bideoa] “Erakunde publikoek euskara bigarren mailakotzat jotzen dutela agerian utzi du alarma egoerak”

Alarma egoera hasi zenetik ekainaren 1era arte COVID-19ari lotutako 206 kexa jaso zituen Behatokiak, iaz garai berean baino %47 gehiago.

Behatokiaren arabera, gizartearen egoera bere gordinenean bistarazi du alarma egoerak, “zaurgarrienak zaurgarriago bihurtuta”, eta hizkuntz eskubideen arloan ere halakoa izan da argazkia: “euskarak ez du balio izan herritarrei osasunari zein segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko. Hau da, euskara bigarren mailakotzat jo dute”.

Hori ondorioztatu liteke Behatokiak alarma egoeran jasotako kexak aztertuz gero. Izan ere, alarma egoera hasi zenetik ekainaren 1eraino, COVID-19ari lotutako herritarren 206 kexa jaso ditu Behatokiak. Iaz garai berdinean baino %47 gehiago. Gainera, erakunde publikoen urraketei lotutakoak dira erregistratutako kexen gehiengoa: 115 kexa, zehazki. “Salbuespen egoera, ezohiko testuingurua, informazioa lehenetsi beharra, presazko egoera… halakoak aitzakiatzat hartuta, erakunde publikoek gehienbat erdaraz igorri dute herritarrentzako informazio garrantzitsua”, ohartarazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. “Osasunari zein alarma egoerari lotutako informazioa helarazteko prentsaurreko, boletin zein bestelako bideetan gaztelera eta frantsesa lehenetsi eta euskara alboratu dute”.

Hala, Behatokiak jasotako lau kexetatik bat Jaurlaritzari eta EAEko aldundiei zuzendutakoak izan dira. Esaterako, Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak eta sareko zein herritarrentzako prestatutako argibideak gaztelera hutsean jaso dituztela salatu dute herritarrek. Eduki hori euskaraz eskatuta ere, lortzeko zailtasun ugari izan dituztela diote herritarrek.

Beste hainbeste gertatu da Nafarroako Gobernuan, nahiz eta aurkeztutako salaketak hamaika soilik izan. “ Nafarroan urraketak ‘ohikoak’ dira, zoritxarrez, eta egoera hori denez, herritarrek ere gutxiagotan salatzen dituzte, babesgabeago sentitzen direlako”. Antzekoa gertatzen da Ipar Euskal Herriko egoerarekin. Hizkuntz eskubideak aitortzen ez zaizkienez, herritarrek salaketa gutxiago jartzen dituzte, horretarako aukera urriagoak izaki.

Bestetik, Herriko Etxeetan ere hainbat urraketa izan dira. Jasotako herritarren 31 kexak horren lekuko, gainontzeko administrazioaren tankerakoak: COVID-19ari buruzko lehentasunezko informazioa erderaz igorri dute udalek.

Sektoreka aztertuz gero, osasungintzak arreta berezia merezi du. COVID-19aren prebentzio neurrien informazioa, gobernu arduradunen adierazpenak eta orohar, osasun zerbitzuetako asko erdaraz jaso dituztela salatu dute herritarrek (28 kexa). Antzeko urraketak gertatu dira hezkuntzari eta komunikabideei lotutako arloetako salaketetan: sarerako eskola baliabideak gaztelera hutsean daudela, euskal hedabideetan adierazpenak gazteleraz direla, txostenak erderaz soilik jasotzen dituztela… kexatu dira herritarrak, besteak beste. Aipatzekoa ere bada sektore pribatua ez dagoela urraketa hauetatik salbu, bistan denez.

“Kezka handiz” hartu beharreko salaketak direla dio Gaubekak, “herritarren ongizatea dagoeako jokoan”. Horregatik, “agerian geratu da hizkuntz eskubideekiko babesa ez dela nahikoa ez eremu publikoan ezta pribatuan ere”.

Era berean, “salatu gabe geratu diren urraketak” ere aipatzekoak direla uste du Gaubekak, Behatokiak jasotako kexak izozmendiaren punta besterik ez direlako. “Egoeraren larritasunagatik eta arduradunen jokaera ikusita, herritarrentzat ez da erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea. Ezta bertako langileentzat ere. Izan ere, hizkuntza eskubideak gutxietsiak izan dira, eta horren aurrean baldintzatuta sentitu dira hainbat herritar”.

Eskutitzak erakundeei
Honen aurrean eta ohiko prozedurari eutsiz, Behatokiak eskutitza igorri die Ana Ollo Behatokiak Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariari, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuari, Bernadette Soulé EEPko zuzendariari, Francisco Javier Eneritz Nafarroako Arartekoari eta Manuel Lezertua EAEko Arartekoari. Era berean, “argibideak eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkiegu idazkietan. Izan ere, herritar guztien eskubideak eta ongizatea errespetatzeko gutxieneko neurriak besterik ez dira eskutitzek eskatzen dutena. Are gehiago bizi izan dugun egoera berezian, osasuna bera jokoan denean. Horregatik, euskara erdigunera ekarri behar da”, Gaubekak berretsi duenez. “Jendarte osoaren eskubidea eta ongizatea gure egunerokoa izan dadin, geroa euskaratik ere berreraiki behar dugu”.

Zabaldu: