Irailaren 24ra arte eman dute proiektu berriak aurkezteko epea.
Donostia Kulturak poltsiko antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko hamaikagarren proiektu deialdia antolatu du. Irailaren 24ra arte eman dute proiektu berriak aurkezteko epea.
Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izaten dela adierazi dute antolatzaileek. Hala, “askotan Poltsiko Antzerkiko programatzaileek arazoak izan ohi dituzte euskarazko obrak programatzeko”. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen helburu nagusia.
Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Kultur etxeen ataletik, oinarrizko eta gertutasunezko kulturaren bideratzaile diren aldetik, argi dute, badutela zer ikusi eta zer egin formatu txikiko sorkuntzen sustapenean. Hala, ekimen hau sorkuntzaren eremuan egingo den lanaren hastapena izatea espero dute, aurrerantzean kulturaren beste arlo eta diziplinetara hedatu ahal izateko. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da ekimenaren bigarren helburua.
2011n abiatu zen lehen aldiz modu esperimentalean proiektu deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkar trukearen ondotik. Aurreko hamar deialdietan aurkeztutako proiektuak 68 inguru dira.
Kontuan hartzekoa da, era berean, hamaikagarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soilik, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, deialdi honetan landutako bi obren estreinaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan, 2021ko otsaila eta martxoa bitartean. “Modu honetan, euskal antzerki sorkuntzari leiho bat ireki nahi diogu jaialdiaren barruan”, adierazi dute. Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanen lau emanaldi egingo dira hiriko auzoetako taberna ezberdinetan.
Ekimen Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera landutako proiektua da.
Oinarriak hemen.