[Bideoa] Jon Fernandezek ‘Pentsioen geroa’ liburua aurkeztu du

Pentsioen geroa izenpean, Aleka bildumaren bederatzigarren alea aurkeztu dute gaur, Jon Fernandez Berria egunkariko kazetari eta saiakeraren egileak, Jakinek eta Elkarrek.

Urte batzuk dira pentsioei buruzko gaia Aleka bilduman lantzeko asmoa agertu zutela. Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren arabera, puri-purian dagoen gaia da, denborak aurrera egin ahala, indar handiagoa hartu duena. “2018ko hasieran, pentsiodunen mugimendu indartsu bat sortu zen Euskal Herrian. Argi dago gaiak bat egiten duela ongizate estatuarekin, hainbat gizarte eta politika auzirekin gurutzatzen da; ekonomiarekin, zaintzaren arazoarekin, bilakaera demografikoaren arazoarekin eta abar”. Orain, gainera, “pandemiaren zurrunbiloarekin are eta indar handiagoa hartu du”, adierazi du Eizagirrek.

Gaiari buruzko gakoak

Fernandez Pentsioen geroa saiakera idazten hasi zenean, pentsioen inguruko gako batzuk eskaintzea izan zen bere asmoz, “asko hitz egiten da pentsio sistema publikoaren jasangarritasunari buruz”, beraz, ikuspegi nazional batetik, pentsioen “krisi” horren atzean zer dagoen azaldu nahi izan du. Liburua ikuspegi “oso panoramiko” batetik abiatzen da: pentsiodunen elkarte, ekonomista, soziologo, sindikatu eta alderdi politikoen ordezkariekin, besteak beste, hitz egiteko aukera izan du egileak eta elkarrizketa horietan jasotako iritzi eta ikuspegi horien gainean, hain zuzen, ardaztu da lana.

Hala, saiakera honetan gai asko gurutzatzen dira, “pentsioena ongizate estatuaren oinarrietako bat da, eta gizarte segurantza gizarteko antolakuntza eta desoreken ispilu antzeko bat dela esan dezakegu, hor islatzen dira gizarteko arazo eta desoreka asko”, azaldu du Fernandezek. Bestalde, pentsioei buruz hitz egiterakoan, “liburuan lan merkatuaz, sexuen araberako lan banaketaz, zaintza eta gizarte babeseko ereduaz, fiskalitateaz, aberastasunaren banaketaz… hitz egiten da, halabeharrez. Denak lotuta daudenez, estratu guztiak elkar ukitzen dutenez, ikuspegi panoramiko hori eskaintzen da liburuan”. Hala ere, kazetariak azpimarratu du liburua ez dela “errezeta liburu” bat, “hemen ez dago soluzio magikorik, baina bideragarritasun ekonomiko horren aurrean bi aukera planteatzen dira: Fokua gastuen murrizketan jartzea edo diru sarrerak handitzeko eta dibertsifikatzeko aukeran”. Liburuan orain arteko erreformak aztertzen dira, eta erreforma horiek batez ere, gastuen murrizketan zentratu dira Fernendezen arabera. “Kontsultatu ditudan ekonomistek, berriz, diru sarrerak handitzeko eta dibertsifikatzeko dauden aukera horietan jartzen dute fokua”.

Eizagirreren ustez, “badirudi pentsioen gaiak azken urte hauetan diskurtso fatalista batean erori direla: pentsioen etorkizunak ez dauka soluziorik, murrizketak ezinbestekoak izango dira, sistema publikoa hautsi egingo da eta pribatura jo beharko da…” Liburu honekin eztabaida sozial hori hauspotu nahi izan du egileak eta, era berean, soluzioak errazak ez diren arren, egon badaudela erakutsi nahi da.

Berria, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten bilduma da Aleka. Gaurkotasuna duten gaiak lantzen ditu, baina normalean eguneroko komunikabideetan izaten dutena baino sakontasun handiagoarekin. Horretarako, kazetari adituengana jotzen dute, Euskal Herriko zein munduko hainbat gizarte, politika, kultura… gai jorratzeko. Halaxe egin dute oraingoan ere pentsioen gaia lehen lerrora ekarriz.

Zabaldu: