Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.
Sandra Garaioa (Donostia, 1993) ilustratzaileak eta Itziar Otegi (Oiartzun, 1972) idazleak haurrentzako albumak sortzeko Etxepare saria irabazi dute Lorerik gorriena lanarekin. Orotara 35 lan aurkeztu dira eta antolatzaileen arabera, “inoizko ediziorik emankorrena” izan da. Album irabazleak “gutako bakoitzaren bizitzan gertakari handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo besteengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu nahi duen, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…”
Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia, eta azpimarratu dutenez, “testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia”.
Gama kromatiko oso neurtu batekin indar handiko irudiak sortu dituztela ere nabarmendu du epaimahaiak, “gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain, irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu dute, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz”.
5.000 euroko sari bakarra banatu dute, egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.
Iruñeko Udalak, Etxepare saria programa barnean antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; Otegik idazle moduan eta Garaioak ilustratzaile lanetan.
Nafarroako toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izango zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an eta haur, gazte eta helduentzako literatura bi urtez saritu zuten, formatu horretan. 2006tik aurrera baina, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da.