Antzerki konpainia “Fadoak entzuten zituen gizona” antzezlana prestatzen ari da. Itxialdiaren ostean Tolosako zentroan egin den aurreneko sormen egoitza izan da.
Xake antzerki konpainiak amaiera eman dio Tolosako Topic zentroko sorkuntza-egoitzaren lehen faseari. Itxialdiaren ondoren txotxongiloaren nazioarteko zentroan egiten den mota honetako lehen egonaldia izan da.
Oraingoan, konpainia Fadoak entzuten zuen gizon lana prestatzen ari da, eta irailaren 18an estreinatuko dute Tolosako Leidor antzokian.
Eszenatokian Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreak ikusi ahal izango ditugu Getari Etxegarai antzerkigilearen zuzendaritzapean. Zuzendariordetzan berriz, Xabier Ormazabal ari da. Antzezlanaren egilea Txarli Andrade da.
Egoitza hiru fasetan banatu dute. Hala, Topic zentrokoa aurrenekoa izan da. Honetan, testuaren zirriborro txiki bat egin behar izan dute, eszenografia iristen denerako eszenak zehatzago zuzentzen hasteko. Aldi berean, Eider Ibarrondo eta Isabel Acosta eszenografiaren diseinatzaileak eszenografiarekin entseatzeko prestatzen ari dira bigarren faserako.
Uztailaren 6tik 14ra berriz, lantaldeak Miarritzera egingo du jauzia, Théâtre des Chimères konpainiaren espaziora, hain zuzen. Eta irailaren 1ean hirugarren sorkuntza-egoitzari helduko diote Tolosako Topic-en berriz ere. Bertan, argiztapen eta soinu teknikariak lanean hasiko dira, eta “antzezlanaren altxaera” egingo dute, hau da, antzezlana bizirik egoteko behar den guztia prestatuko dute.