“Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez.
Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa izeneko lanak lortu du Pello Mari Otaño beka. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak sinatu du proposamena; zehazki, Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal kideek.
Mintzola Ahozko Lantegiak adierazi duenez, ikerlan proposamenak “bete-betean” egiten du bat bekaren helburuarekin. “Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea” du helburu, eta “honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu”. Bilduma egite hutsarekin aski ez, eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute egileek, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.
Hala, ikertzaile taldeak 3.000 euroko ordainsaria eskuratu du lana urtebeteko epean garatzeko. “Udan Aiztondoko zirto tradizioa arakatzeko eta biltzeko lana egingo dute. Ondoren, zirtoa ikastetxeetan ezagutzeko eta lantzeko proposamen didaktikoa diseinatuko dute; eta, segidan, proposamen didaktikoaren aplikazioa egingo da bailarako bertso-eskoletan. Guztia dokumentatuko da”, jakinarazi du Mintzolak.
Ahozko Lantegiak eta Kilometroek egin zuten deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Antolatzaileek proiektu saridunaren oso balorazio ona egin dute: “Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez. Ikertzaileak ez ezik irakasleak izatea ere baloratu zen, eta baita ikertzaile bakarra izan beharrean, taldea izatea ere”.
Udazkenean proiektua gehiago ezagutzeko abagunea izango dugula jakinarazi du Mintzolak.