[Bideoa] Nahia Zubeldia hautatu dute Nekatoeneako egonaldia egiteko

2020ko azaroaren 23an hasi eta hilabete batez, Hendaiako Nekatoenea baserrian egongo da olerki bilduma bat lantzen.

Hamargarren aldiz, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sostengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, aurtengoan ere “kalitate handiko literatura proposamenak” aurkeztu dira. Hala, Nahia Zubeldiari ematea erabaki dute. 37 urteko itzultzaile eta musikari ziburutarra Abadiako eremura joango da istorio berri bat garatzeko.

Zubeldia aspalditik dabil testuak idazten eta musika sortzen, besteren artean Unama eta Lumi taldeetan parte hartu du. Idazketa beti izan du ondoan, bere eskola ibilbidea lekuko: literatura saileko baxoa lortu ondoan, Bordelen hizkuntza zientzien ikasketak egin zituen. Ondoren, Itzulpengintza eta interpretazio ikasketak burutu zituen Gasteizen.

Zubeldia hilabete batez egongo da Hendaiako Abadia Erremuko Nekatoenean, 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra. Juan Sebastian Elkanoren larruan sartu beharko da, “itsasoari buruzko olerki bilduma bat landuz, euskaldunon jakin-minaz, mundu ezezagunen bila joatearen tiraz eta itsasoaren aurpegiez”.

Abadia eremuko baserri bat da Nekatoenea eta bertan hainbat diziplinatako sortzaileei egonaldiak eskaintzen zaizkie, beren proiektuak gara ditzaten.

Zabaldu: