Ohiko Bilboko Aste Nagusitik Aste Nahasiara

Bilboko Konpartsen arabera, “abuztuaren 22tik aurrera pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa izango da”. Aste Nahasia iragartzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan.

Pasa den larunbatean ospatzekoa zen Konpartsakide Eguna, “Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera ematen dion konpartsen arteko ospakizuna”, Ainhoa Riveiro eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsetako bozeramaileek azaldu dutenez. Baina “osasun egoerak eta bizi dugun errealitateak”, bestelako ekitaldiak antolatzera behartu ditu konpartsak.

Aurreko asteetan azaldu dutenez, konpartsek berretsi dute jada datozen hilabete eta urteei begiratzen hasi dietela. Izan ere, “beldur gara aurreko krisietan gertatu den bezala, erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez”, ohartarazi dute. Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta, “normalitate berrian eredu parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko”.

Aurtengo jai-urtea baina, ez dute galdutzat jo. Konpartsek baieztatu dutenaren arabera, aurten “ez da izango Aste Nagusia, baina abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa”. Egingo dute “elkar zaintzatik, osasun-neurriekin, eta prebentzio irizpideak gidatuta, modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal den modurik eta parte-hartzaileenean”, azaldu dute. Ekimen horri Aste Nahasia izena jarri diote.

Izen horren atzean, gaur eguneko kontrasteak irudikatu dituzte, konpartsek: “tristezia, alaitasuna, kolektibotasuna, Marijaiaren falta, shock-egoera, eta zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko deia: Aste Nahasia, urte tristea delako, galdu ditugun senide, lagun, lankide eta auzokideengatik, zein lana berreskuratu ez dutenengatik… Aste Nahasia, egoera horretan inoiz baino gehiago behar ditugun alaitasuna eta irribarrea izateko… Aste Nahasia, denok berriz batuko gaituen ekimen koloretsu eta kolektiboa behar delako, distantzia fisikoak gorde arren… Aste Nahasia, uda arraroa delako, maskarak aurpegi erdia estalita ikusten baititugu kuadrillakoak… Aste Nahasia, begiak estali gabe izan arren, Marijaia balkoira ateratzen ikusiko ez dugulako … Aste Nahasia, jai zoroa den Aste Nagusiari urteen poderioz ordena apurrak eta ohitura batzuk antzematea lortu dugunean, berriro ere erabat aldatu delako aurten, begi-bistatik desagertzeraino… Aste Nahasia, oraindino shock egoeran eta nahastuta gauden arren, belarriak erne eta begiak zabalik izan behar ditugulako, zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko”.

Azaldu dutenez, joan den urritik ehunka konpartsakide ibili dira ohiko Aste Nagusia prestatzen, baina Covid-19ak eragindako krisiak dena hankaz gora jarri zuen. Hala, iaz antolatutako 566 ekitaldiak behin eta berriro aztertu eta moldatu dituzte unean-uneko osasun-neurriei, Bilboko Konpartsekin elkarlanean dabiltzan dozenaka eragileekin batera. Gainera, beste ekimen batzuk sortu dituztela nabarmendu dute. Hala ere, denak galbahetik hainbat bider pasatu ostean gehienak ezin izango dituzte egin aurten. Datozen asteetan “ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat” plazaratuko dutela agindu dute.

Kartel-lehiaketa

Aste Nahasia bera iragartzeko kartela lehiaketa baten bidez aukeratuko dute eta izena emateari hasiera eman diote. Kartelak honako testua izan beharko du: Bilbo 2020. Aste Nahasia. Abuztuaren 22tik aurrera. Lanak aurkezteko epea uztailaren 30eko 15:00ak arte egongo da zabalik, posta elektronikoz, kartela honako helbidera bidalita: astenahasiakartela@bilbokokonpartsak.eus.

Karte lehiaketaren oinarriak hemen.

Zabaldu: