Uharte Zentroak ‘Etxean egina’ ikerketa deialdia ireki du

Uztailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

Uharte Zentroak bi hilabeteko hiru egoitza eskainiko ditu etxetik egiten diren ikerketa edo ekoizpenetarako, gaia edozein dela ere. “Gorputz, gizarte, ekonomia eta lan paradigma nabarmen aldatzen ari den une honetan, aukera eman nahi diegu, hainbat arrazoi direla medio, lantokia etxean izan behar dutenei, etxetik mugitu ezin direlako edo etxetik joan nahi ez dutelako”, azaldu dute zentroko arduradunek.

Lanak edo azterlanak Uharte Zentroko laborategietan egiten ez badira ere, komunikazioa eta jarraipena telematikoki egingo direla adierazi dute. Behin egoitzak amaituta, egindako lanen aurkezpen publikoa egingo da, aurrez aurre edo on-line bidez.

Programa Nafarroan bizi diren pertsonei eta etxetik ikerketa-prozesu bat garatzeko interesa duen edozein esparrutako artistei zuzenduta dago. Zentroak 1.300 euro eskainiko ditu ordainsari gisa eta 700 euro produkzioan egoiliar bakoitzarentzat. Uharte Zentroko taldearen laguntza ere jasoko dute artistek.

Deialdira aurkezteko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik eta hautapenaren berri gehienez ere deialdia itxi eta hilabetera emango dela ziurtatu dute zentrotik. Hautatuek 2020ko azaroa aurretik bukatu beharko dute proiektua. Egoitza 2020ko azaroa baino lehen bukatuko da.

Hautatutako lanaren jabetza egilearena izango da. Uharte Zentroak programa osoa edo zati bat erreproduzitu eta zabaldu ahal izango du, online edo paperean, betiere egileak aipatuta. Uharte Zentroak deialdi honetatik sortzen diren agiri guztiak artxibatuko ditu.

Oinarriak hemen.

Zabaldu: