Liszt ezezagunena berreskuratu du Josu Okiñenak ‘Les Introuvables’ izeneko disko berrian

Euskal musikari batek Franz Liszt hungariar konpositorearen azken garaira egindako lehen hurbilketa da.

Budapesteko Franz Liszt Memoria Museoan eta Ikerketa Zentroan dauden iturri primarioen azterketak eraman zuen Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakaslea konpositore hungariarraren konposizio esperimentalenak ahanzturatik berreskuratzera. Orain, Les Introuvables (Topaezinak) diskoarekin, Okiñenak Liszt-en garai ezezagun, berritzaile eta oraindik oso gutxi interpretaturikoa euskal jendartera eta mundura hurbildu nahi ditu.

Bosgarren lan honetan, Liszt-en musika sorkuntzan sakondu du Okiñenak, “errepertorio intimista, espresionista eta erabat barnerakoia, euskal gizartearentzat zein mundu osoarentzat erabat ezezaguna dena. Aurkikuntza eta sorpresa atsegina izango da publikoarentzat”, adierazi du.

Zsuzsanna Domokos museo eta ikerketa zentro horretako zuzendariaren hitzetan, “lan hauek Hungarian interpretatzen dira maizago, eta horien grabazioak ditugu. Agian ez da atzerriko kasua, eta Okiñenak oso ekarpen garrantzitsua egin du publikoari Liszt-en errepertorioaren alderdi hori eta konpositore honen heldutasunaren irudi musikala ezagutarazteko”.

Halaber, zuzendariak gaineratu duenez, “disko hau oso berezia da, pianistak unitate bat sortzen baitu, album gisa, Liszt-en pieza berantiarrenekin eta hain ezagunak ez direnekin. Diskoaren batasuna nire lehen sentimendua izan zen, Okiñenak unitate bat sortu du-eta pieza sorta honekin”.

Hala ere, Domokos ez da hor geratu eta diskoa gehiago zehaztu du: “Tenpoa motelagoa da eta Liszt agureak bizitzari buruz egindako gogoeta bat dirudi”. Izan ere, Okiñenaren arabera, “hautatu ditudan konposizioak oraindik ere ezezagun handi batzuk dira; horietako asko, gehienak, bere bizitzako azken garaikoak, heldutasun urteetakoak, Liszt erabat deprimituta zegoen garaikoak, hain zuzen”.

Aitzindari handi baten errepertorioa

Testuinguru horretan, konpositore eta pianista hungariarrak konposaketa “esperimentalak” sortu zituen. Gipuzkoarraren hitzetan, “Liszt-ek XIX. mendeko lengoaia guztia hautsi zuen eta XX. mendeko korronte askori aurrea hartu zion. Errepertorio honek XX. mendearen lehen erdian garatu ziren konposizio joera gehienen aitzindari handi bezala kokatzen du Liszt”. Hori dela eta, Okiñena haratago doa; izan ere, Domokosek azaldu duenez, “Liszten obrak interpretatzen saiatu da, bere urte introspektiboenetakoak eta, esan genezake, hain ezagunak ez direnak”.

Albumaren edukiaz galdetuta, Domokosek esan du “oso interpretazio sakona eta samurra” dela. CDan aukeratutako musika unitate oso bat bezala pentsatua dago, Liszt-ekin batera egindako meditazio bat bezala. Pianoko bere tinbreak harrapatu ninduen, eta niretzat oso interesgarria izan zen. Nola aurki nitzake isiltasunaren eta soinuaren arteko muturreko distantziaren arteko aukerak, aldi berean lerro melodikoa eta konposizioa zaintzeko?”, galdetu zuen zuzendariak Okiñenaren lana osorik entzun ondoren.

Zabaldu: