Hamahiru film lehian Euskal Zinemaren Irizar Sarirako

Guztira hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat dira euskal ekoizpena osatzen duten lanak, eta hainbat sailetan banatuta egongo dira.

Donostiako 68. Zinemaldirako hiru aste baino gutxiago falta direnean, euskal zinemak aurten jaialdian izango duen lekuaren berri eman dute antolatzaileek. Guztira, Euskal Herrian ekoitzitako hogeita bat film izango dira. Lan guzti hauek Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen bilduko ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste laurekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko.

Euskal Zinemaren Galan Lara Izagirrek (Amorebieta-Etxano, 1985) Zinemira inauguratuko du Nora filmarekin, 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen proiektua. Besteak beste, Ane Pikaza, Hector Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filman; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David Gonzalezek (Bilbo, 1980) bere laugarren film luzea Talent (Talentu) aurkeztuko du Zinemiran; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan.

Eugene Green (New York, 1947) zinemagile frantziarra da, zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, Locarnoko eta Berlineko zinema-jaialdietan parte hartu dute, eta bi euskal mitoren berrikuspena proposatzen digu oraingoan Atarrabi et Mikelats filmean.

Amaia Merino (Donostia, 1970) –Asier ETA biok (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat– eta Miguel Angel Llamas (Noain, Nafarroa. 1980) zinemagileek elkarrekin zuzendu dute Non dago Mikel? filma; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatuko digute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta hogei egun geroago hilik aurkitu zuten. Harrez geroztik, inor ez dute epaitu edo zigortu.

Josu Martinezek (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategik (Donostia, 1986) elkarlanean sortutako Caminho longe aurkeztuko dute, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta.

Ekain Irigoien (Donostia, 1981) zuzendaria Jainkoaren semeak lanarekin dator. Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano dira film berriaren protagonistak.

Bestalde, Natxo Leuzak (Iruñea, 1977) Enrique Villareal ‘El Drogas’ musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du bere azken dokumentalean.

Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) bere aldetik, Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta Urtzen bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz,  existentziari buruzko zinema-saiakera bat da honakoa.

Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molesek (Castelló, 1974) Lobster Soup-ekin itxiko dute Zinemira saila; 2018an jada Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.

The State vs. Pablo Ibar eta Jo ta ke / Non Stop ere egongo dira Zinemiran, lehiaketatik at, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok (Sevilla, 1980) sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du.

Bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen Jo ta ke / Non Stop film ertaina da; Aitziber Olaskoagak (Getxo, Bizkaia. 1980) Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.

Zinemaldiaren beste sail batzuetan

Aitzitik, aurretik Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren Akelarre –Sail Ofizialean–; David Perezen Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak (biak New Directorsen parte) eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897 –Culinary Zinema irekiko duena–.

Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Zehazki, euskal ekoizpeneko bi film laburrek Zabaltegi-Tabakaleran hartuko dute parte: Laida Lertxundiren Autofikzioa eta Marina Palacioren Ya no duermo, besteak beste.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko da bertan, Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Mayak (Errenteria, 1977) zuzendu dute filma eta bertan, dokumentala eta dantza uztartzen dira, bizi dugun pandemia-garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera. Zinemira Saria ere banatuko da Galan.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) 918 gau  proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortutako Donostia Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen-fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi-programan eratu zen.

Zabaldu: