Euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasteko aukera zabalik

Aurrematrikulazio kanpainak izandako erantzunari esker, zenbait eskualdetan dagoeneko sortu dituzte taldeak.

Irailarekin batera, ohi bezala, euskaltegiek ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina abiarazi dute eta UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) aurten ere bat egin du kanpaina horrekin, mankomunitateko kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana oinarrizkoa dela jakinda. Izan ere, “etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten dute euskaltegiek. Herri txiki askotan, ordea, ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera”, adierazi du UEMAk.

Horren aurrean, 2020-2021 ikasturtean ere laguntza eskainiko du UEMAk herri txikietan. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Bestetik, berriz, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.

Urrats horiekin, euskalduntzean ez ezik herri txikien garapenean ere eragin nahi du UEMAk, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez. Kanpainak, gainera, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen lagunduz.

Ikasturte honetan ere, euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Zabaldu: