Literaturia jaialdia irailaren 25ean abiatuko da Zarautzen

Euskal letren plazan parte hartzeko aukerak ugaritu nahi ditu antolakuntzak aurtengo ediziorako.

Irailaren 25ean irekiko ditu ateak euskal letren plaza den Literaturiak, Zarautzen. Aurtengo edizioa, “halabeharrez”, desberdina izango dela iragarri dute antolatzaileek, izan ere, COVID-19ak sortutako krisiaren eraginez, osasun eta segurtasun neurriak zorroztu egin behar izan dituzte. “Edukiera mugatuek, ezinbesteko distantziak, desinfekzioek eta abarrek ezin ozpinduko digute, baina, urtero euskal literaturarentzat egindako txokoa!”, adierazi dute.

Hala, Literaturian parte hartzeko aukerak ugaritu nahi dituzte aurtengo ediziorako, “inor gera ez dadin ekarpenen bat egiteko gogoz”. Horregatik, antolakuntzak dei egin nahi du “aurtengo gaiak (atea: hitza da giltza) iradokitzen dizuenarekin lotutako euskarazko literatura testu baten atal bat (0-150 hitz) ahoz gora irakur eta graba dezazuen”. Audio horiek Literaturiako liburu azoka eta Modelo Aretoa girotzeko erabiliko dira, “euskal literatura etengabe entzun dadin euskal letren asteburuan!”.

Bestalde, aurten EIZIErekin batera (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) antolatzen den itzulpen tailerra ez egitea erabaki dute, “COVID-19agatik ezarri beharreko segurtasun eta osasun neurrien ondorioz, ezinezkoa izango baita nahi dugun moduko tailer eta errezitaldia egitea”. Hala ere, antolakuntzak itzulpengintzak euskal literaturan bere lekua izan behar duela aldarrikatu du. Hortaz, “itzulpenetan arituei, adituei, zaletuei eta aritzeko gogoa duen edonori dei egiten dizuegu ere atzerriko hizkuntzaren bateko literatura testu baten atal bat itzul dezazuen (0-150 hitz), eta zuen itzulpena ahoz gora irakurri eta graba dezazuen, gero grabazio horiek, besteekin batera, 2020ko Literaturia girotzen laguntzeko”.

Literaturian parte hartu nahi dutenek audioak eta testuak hilaren 21a baino lehen bidali beharko dituzte literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera.

Zabaldu: